Larunbatean Valladoliden izan zuten hitzordua zumaiarrek, Valladolideko nazioarteko k-4 txapelketan. Bertan kadete mutilek bosgarren postua lortu zuten eta jubenilek brontzezko dominarekin amaitu zituzten lanak.
Kanpin-dendak hartu eta Zamorarako bidea hartu zuten; Sanabriako lakuan izan zuten igandeko lehiaketa. Bertan, egun guztian zehar k-1, k-2 eta k-4 ontzietan proba desberdinak izan zituzten. Guztien amaieran emaitzarik aipagarrienak Josefa Molinak eta Unai Azkunek beraien kategorietan lortutako brontzezko domina bana izan zen, jubenil nesketan eta senior mutiletan.
Klubaren elastikoarekin lehiatu ziren bertara joandako Andde, Asier, Xabat, Josu, Haritz, Julen, Jon Ander, Josefa eta Unai, baina hauez gain Martin Egañak Euskal Selekzioarekin hartu zuen parte larunbatean seigarren postua lortuz, eta igandean bosgarren postuan amaiturik.
Zumaiarren lana amaitzeko, Irati Osak Espainiako selekzioarekin hartu zuen parte bi egunetan eta bi probetan garaipena lortu zuen bere ontzikideekin batera.
Honekin nahikoa ez eta ostiralean Galiziako Vigo hirira klubeko beste bost kide joan ziren Espainiako hirugarren Itsas-Kayak kopan parte hartzera.
Vigo eta Baiona hirien artean 17 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten parte hartzaileek eta emaitza ezin hobeak lortu zituzten.
Beteranoen mailan Maite Etxabek garaipena lortu zuen; emakumezkoen sailkapen orokorrean zazpigarren postu bikain bat lortu zuen.
Beterano mutiletan, 44-49 kategorian, Oier Aizpuruak garaipena erdietsi zuen, eta sailkapen orokorreko 11. postuan amaitu zuen; Eñaut Aizpurua anaiak, aldiz, beterano mailako bigarren postua eskuratu zuen.
Beteranoetan, 50-54 kategorian, Jose Mari Villagarciak garaipena lortu zuen, eta, amaitzeko, 55-59 mailan, Javier Lizancosek zilarra eskuratu zuen.
Asteburuko jarduna amaitzeko igande eguerdian Vigoko itsasadarrean binakako probak jokatu zituzten eta bertan Aizpurua anaiek sailkapen orokorreko seigarren postua lortu zuten. Horrekin batera, beterano maila guztietako garaipena ere bai.
Esan bezala, asteburu bete betea klubeko kideentzat eta aukera hau aprobetxatu nahi du elkarteak laguntzaile eta babesleei beraien laguntza eskertzeko, horren jardun biziari aurre egiteko.