Brontzezko domina lortu dute Josefa Molinak eta Irati Osak Espainiako piraguismo txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2024ko uzt. 17a, 17:00

Irati Osa eta Josefa Molina Asturiasen.

Olinpiar esprint modalitateko Espainiako txapelketa jokatu dute pasa den asteburuan Trasonako urtegian. Bertan izan dira Itxas Gain elkareko piraguista talde bat, eta domina batekin itzuli da.

Asturiasen (Espainia) jokatu dute pasa den asteburuan, uztailaren 12tik 14ra bitartean olinpiar esprint modalitateko Espainiako piraguismo txapelketa. Zumaiako Itxas Gain klubeko ordezkaritza izan da lehian, eta domina batekin itzultzeko aukera ere izan du, senior kategorian, K2 1.000 metroan, Josefa Molinak eta Irati Osak lortutakoa, hain zuzen ere. 

Itxas Gainekoek txapelketa honetan beste emaitza aipagarri batzuk lortu dituzte. Esaterako, Irati Osa bosgarren izan da seniorretan K1 1.000 metroko A finalean eta Eider Amundarain zortzigarren B finalean. Distantzia berean, seniorretan baita ere, Aimar Amundarain bigarren izan da C finalean, eta juniorretan, Asier Aizpurua seigarren B finalean.

K2an, 1.000 metrotan, Martin Egaña eta Aimar Amundarain zazpigarren izan dira seniorretan, eta juniorretan Xabat Bergara eta Asier Aizpurua seigarren. 

200 metroko estropadan, K1ean, Asier Aizpurua zazpigarren izan da finalerdian, eta Josefa Molina eta Eider Amundarain laugarren B finalean.

500 metroan, berriz, seniorretan, K2an, Martin Egaña eta Aimar Amundarain bederatzigarren izan dira A finalean, Irati Osa eta Josefa Molina zazpigarren A finalean, eta Irati Osa eta Martin Egaña laugarren estropada mistoko A finalean. Seniorretan, baita ere, baina bakarka, Irati Osa zortzigarren izan da A finalean, eta Eider Amundarain seigarren C finalean. Jubeniletan, berriz, Xabat Bergara eta Asier Aizpurua bosgarren izan dira B finalean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide