Urrezko bost eta zilarrezko bi domina lortu ditu Itxas Gainek Espainiako itsas kayak txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2024ko ira. 9a, 12:00

Alacanteko La Vila Joiosa herrian jokatu dute asteburuan Espainiako itsas kayak txapelketa, eta bertan izan dira Itxas Gain klubeko piraguistak. 

Asteburu honetan jokatu dute Alacanteko (Herrialde Katalanak) La Vila Joiosa herrian Espainiko Itxas Kayak edo Surfski txapelketa. Albiste onekin itzuli dira bertatik Itxas Gain klubeko piraguistak. 

Portugaleko Madeira uhartean jokatuko duten Munduko Txapelketarako sailkatzeko ere balio zuen Alacanteko probak. Lehen biek lortuko zuten txartela. Hori dela eta, estatu osoko 70 taldetako 300 kirolari bertaratu ziren.

Larunbatean, haize falta eta bero handiarekin, 17 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Asteburuko berririk pozgarriena jubenil mailako Asier Aizpuruak eman zuen, lortutako bigarren postuari esker mundialerako txartela bereganatu zuelako.

Orotara, zazpi domina lortu zituzten Itxas Gaineko piraguistek: urrezko bost eta zilarrezko bi. 

Jubeniletan, ss1 kategorian, Asier Aizpurua bigarren izan zen, eta seniorretan, 23 urtez azpikoetan, Haritz Aizpurua hamabigarren.

Beteranoetan, Maite Etxabek, Javi Lizancosek,  Jose Mari Villagarciak eta Oier Aizpuruak garaipenak lortu zituzten, eta Eñaut Aizpurua eta Iñaki Fernandez zazpigarren izan ziren beraien kategoriatan.

Ss.2 edo ontzi bikoitzetan, Maite eta Eñautek, mistoetan, garaipena lortu zuten, eta Jose Mari Villagarcia eta Iñaki Fernandezek 2. postua.

Hauekin batera, infantil mailan, Amaia Aizpurua seigarren izan zen eta Maddi Aizpuruak 24. amaitu zuen hiru kilometroko proba. Bi neska hauek osatutako Ss2 ontzia, aldiz, seigarren helmugaratu zen.

Denboraldia bukatu ez

Denboraldia ez da amaitu oraindik Itxas-Gain taldekoentzat, irailako azken astean, Kroazian, Munduko Maratoi txapelketan izango baitira Irati Osa eta Eider Amundarain. Urriaren 1etik 6ra bitartean, berriz, Madeirako uhartean aipatutako Munduko Itsas kayak edo Surfski txapelketan izango dira Asier eta Oier Aizpurua.

Aipatzekoa da Itxas-Gainek dituen baliabide eta ahalmenei ateratzen dion etekina, pista, maratoi edota surfski modalitatetako Munduko txapelketetan ordezkaritza izango baitu taldeak.

Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiogu babesle eta laguntzaile guztiei. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide