Lau domina lortu dituzte Itxas Gaineko piraguistek Madeiran jokatutako munduko txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2024ko urr. 9a, 09:30

Emaitza bikainekin bueltatu dira etxera Madeirako irlan Munduko Txapelketan izan diren Itxas Gaineko lau piraguistak.

Munduko Ocean Canoe Racing txapelketa jokatu dute pasa den asteburuan Madeira uhartean (Portugal). Bertan, 35 herrialdetako ia 400 partaide izan dira lehiatzen probak iraun dituen hiru egunetan.

Ostiral eguerdian, bero handiari aurre eginez, ekin zioten banakako probari, Machico eta Funchal arteko 21 kilometroko  ibilbidea osatuz. Bertan, Asier Aizpuruak, junior mailan, zortzigarren postu bikain bat lortu zuen nazioarteko mailako bere estreinaldian. Podiuma bi hegoafrikarrek eta britaniar batek osatu zuten.

Beteranoek ere ibilbide bera egin zuten eta hauek ere emaitza bikainak lortu zituzten. Emakumezkoetan, Maite Etxabek zilarrezko domina lortu zuen; Emma Levemyr suediarrak bakarrik lortu zuen zumaiarraren aurretik iristea. Podiuma jatorriz eslobeniarra den baina Kanariar Uharteetan bizi den Svetlana Kapisovskak osatu zuen. 

Gizonezkoen beterano mailan, aldiz, Oier Aizpuruak garaipena lortu zuen; bere anaia Eñaut Aizpurua, berriz, zortzigarren postuan sailkatu zen. Kategoria horretan Oierrek urrea lortu zuen, zilarra Australiako Todd Grace-ek, eta brontzezkoa eta podiuma Filipe Besada galiziarrak itxi zuen.

Hurrengo egunean, larunbatean, Ss2 edo binakako ontzien txanda izan zen. Itsaso eta haize baldintza eskasagoekin ibilbide berdina osatu behar zuten.

Hor, junior mailan, Asier Aizpuruak eta Nur Hachawi kanariarrak asteburuko berririk pozgarriena eskaini zuten eta brontzezko domina bikain bat lortu zuten. Irabazleak Holly Smith eta Ryley Smith hegoafrikarrak izan ziren eta zilarra Pablo Rosco eta Lara Cellier espainiarrek lortu zuten. Aipatu irabazleak eta Asierren ontziaren artean minutu eta zazpi segundoko aldea bakarrik izan zela ia ordu bat eta 38 minutuko lanaren ostean, zumaiarrak emandako maila izugarriaren erakusle.

Beteranoen mailan, aldiz, Maite Etxabek eta Oier Aizpuruak osatutako ontziak garaipena lortu zuen eta asteburuko bi urrea etxera ekartzea lortu zuten.

Guztira urrezko bi domina, eta zilarrezko eta brontzezko bana ekarri dituzte Madeiratik. 

Aurtengo denboraldian Itxas-Gainek ordezkaritza izan du hiru munduko txapelketetan, bai pistakoan Iñigo Peñarekin, bai maratoian Irati Osa eta Eider Amundarainekin, baita amaitu berri den Itsas kayakekoan Asier Aizpurua, Eñaut Aizpurua, Oier Aizpurua eta Maite Etxaberekin, eta guztietan maila bikaina eman dute  klubaren lana eta diziplina guztiak jorratzen dituenaren erakusle.

Horretarako erakunde eta babesleen laguntza ezinbestekoa da eta lerro hauen bitartez klubak eskerrak eman nahi dizkie eta ibilbide honek aurrera jarraitu dezan laguntzeko prest dagoen edonori ateak ireki eta gonbitea luzatzen die.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide