Itxas-Gaineko piraguistak CESA Espainiako txapelketan izan dira

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2024ko urr. 10a, 10:30

Txapelketan Euskadiko selekzioarekin aritu diren Zumaiako sei piraguistak. (Itxas Gain K.E.)

Zumaiako piraguismo elkarteko sei kide Castelldefellsen jokatu den Espainiako CESA txapelketan aritu dira Euskadiko selekzioa ordezkatzen.

Pasa den asteburuan Itxas Gaineko piraguisten partaidetza ez da Madeiran jokatutako munduko txapelketara mugatu.  Elkarteko sei piraguista, hiru kadete eta beste hiru infantil, Castelldefellsen (Herrialde Katalanak) jokatu den Espainiako CESA txapelketan egon dira, Euskadiko Selekzioa ordezkatuz.

Bi egunez egon dira abiadurazko txapelketa hau jokatzen, distantzia eta ontzi modalitate desberdinetan: 3.000 metro k1 modalitatean, eta 500 metro  k1, k2 eta k4 ontzietan.

Euskadiko selekzioan kluba ordezkatu dutenak, kadeteetan, Ana Martinena, Julen Arakistain eta Oihan Irizar izan dira. Infantiletan, aldiz, Maddi Olaizola, Uxue Ezenarro eta Amaia Aizpurua.

2024. urteari dagokio txapelketa hau, nahiz eta kluba dagoeneko 2025ko denboraldia prestatzen hasita dagoen, eta, prestakuntza aldetik, ez zaien ondo etorri beraien maila ahal bezala erakusteko. Hala eta guztiz, ere lehenengo hamar postuetan sartu dira, neska kadeteetan, 3.000 metroetan, Ana Martinena, infantil mailan, k2 500ean, Amaia Aizpurua eta Uxue Ezenarro, eta, infantiletan baita ere, k2 500 mistoan, Maddi Olaizola.

Esan bezala, 2025ko denboraldia hasi berri dute eta datorren igandean Eskola Kirolako lehen proba izango dute klubeko kimuek eta infantilek Donostian, eguraldiaren egoerak baimentzen badu, behintzat.

Itxas Gainek beste behin ere dei egiten die piraguismoan hasi nahi duen neska-mutil orori klubera hurreratu daitezen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide