Asteburu bizia izan da Itxas Gainentzat, eta emaitza bikainak lortu ditu Alacanten (Herrialde Katalanak) jokatutako Itsas Kayakeko Espainiako Txapelketan. Klubeko 11 palistek —Amaia Aizpurua, Josu Urbistondo, Asier Aizpurua, Haritz Aizpurua, Aimar Amundarain, Irati Osa, Maite Etxabe, Eñaut Aizpurua, Oier Aizpurua, Joxe Mari Villagarcía eta Jon Cuenya— maila ezberdinetan hartu dute parte, eta guztien artean Espainiako txapeldun bat, banakako hainbat podium eta SS2 modalitateko beste lau podium lortu dituzte.
Lehiaketaren lehen eguna intentsitatez hasi zuten. Larunbat goizean, gazteenek SS1 eta Tradizionala kategorietan hartu zuten parte, sei kilometroko ibilbidean. Emaitzarik potoloena Amaia Aizpuruak lortu zuen, kadete mailako emakumezkoetan garaipena lortu eta Espainiako txapeldun izan baitzen. Itxas Gainentzat asteburuari hasiera ezin hobea emateko modua izan zen. Tradizionalean, berriz, Jon Cuenyak 12. postua eskuratu zuen.
Arratsaldean banakako estropadaren txanda izan zen. Hamabost kilometroko ibilbidea, El Campellotik Alacantera, baldintza tekniko eta zorrotzekin: olatuak zeharka iristen ziren, eta palistek teknika, indarra eta kontzentrazioa muturreraino eraman behar izan zituzten helmugara iristeko.
Baldintza horietan, Itxas Gaineko ordezkariek honako emaitzak lortu zituzten: Josu Urbistondo 31. jubeniletan; Asier Aizpurua 5. U23etan; Haritz Aizpurua, 6. U23etan; Maite Etxabe, 6. seniorretan; eta Irati Osa, 10. seniorretan.
Beteranoen artean, berriz, emaitza bikainak lortu zituzten: Oier Aizpuruak garaipena lortu zuen 45-49 urte bitartekoen kategorian, eta Joxe Mari Villagarciak bigarren postua eskuratu zuen 50-54 urte bitartekoetan. Kategoria berean, Eñaut Aizpuruak 6. postua lortu zuen.
Igandean, SS2 modalitateko estropadekin amaitu zen txapelketa. Aurreko eguneko itsaso teknikoaren kontrara, oraingoan itsasoa guztiz bare zegoen, ia plater baten moduan, eta 6 kilometroko ibilbidean bikoteen koordinazioa eta erritmoa izan ziren gakoetako batzuk.
Itxasgaineko bikoteek beste behin erakutsi zuten maila ona, eta lau podium lortu zituzten. Senior mistoan, Aimar Amundarain eta Irati Osa hirugarren izan ziren; beterano mistoan, Maite Etxabe eta Eñaut Aizpurua bigarren; U23 mailan, Haritz eta Asier Aizpurua txapeldunorde; eta gizonezko beteranoetan, Oier Aizpurua eta Joxe Mari Villagarcia garaile.
Horrela, Itxas Gainek Espainiako Txapelketako asteburu bikaina osatu du, emaitza ugari eta, batez ere, klubaren lanaren eta taldearen sendotasunaren erakusgarri izan diren jardunekin.
Amaia Aizpuruaren Espainiako txapelketa, Oier Aizpuruaren bi garaipenak —banakakoan eta SS2an—, Joxe Mari Villagarciaren podium bikoitza eta asteburuan lortutako gainerako emaitzek argi erakusten dute Itxas Gain itsas kayakaren estatuko maila gorenean lehiatzeko prest dagoela.
Baina denboraldia ez da hemen amaitzen. Begirada dagoeneko hurrengo hitzordu handian dago jarrita: urrian Villajoyosan jokatuko den Itsas Kayakeko Munduko Txapelketan.
Itxas Gainek ordezkaritza izango du hitzordu horretan, eta klubeko palistak prest daude berriro ere erronka handi bati aurre egiteko. Oraingoan, Espainiako onenekin ez ezik, munduko palista onenekin neurtuko dituzte indarrak.
Alacanten utzitako arrastoak argi erakusten du Itxasgain prest dagoela munduko eszenatokira jauzi egiteko.