1967 urtean dago kokatuta Enarak pelikula, diktadura frankista betean. Non eta Donostiako seminarioan elkartu ziren askatasun egarri ziren Antonio Lopez, Meltxor Maritxalar, Jon Iturrioz eta Josetxo Iñurrieta gazteak, eta handik gutxira apaiz izateko bidea alde batera utzi eta bestelako fede bati ekin zioten: musika modernoarenari.
Hala sortu zen Enarak taldea, garai hartako Euskal Herrian guztiz arrotza zen zerbait eginez: pop, rock eta psikodelia estiloak euskaraz jotzen. Lau urte besterik ez zuen iraun taldeak baina hamaika kontzertu eskaini zituzten, jendea dantzan jarrita, baina, 1971ean, misteriotsuki, desagertu egin ziren. Diska txiki bat ere plazaratu zuten. Larraitzen, Txindokiren magalean frankistentzat eskandalagarria izan zen kontzertu entzutetsuan ere jo zuten arrakastaz, Ez Dok Amairuko musikarien ondoan, Euskal Herriko milaka gazte elkartu zirelarik bertan.
50 urte geroago, taldeko abeslariaren semea, Beñat Iturrioz, aitaren eta Enarak taldearen arrastoen bila abiatu zen. Haren dokumentalak, Enarak, bilaketa pertsonal eta kolektibo bat bihurtzen du istorio hura: ornitologia, collage estetika eta memoria historikoa uztartuz. Prozesu honetan, gainera, Enaraken lehen diskoa berrargitaratu zen 2024ko urrian Elkar argitaletxearekin, taldearen hiru bertsio egin zituzten Amoranteren, Rüdigerren eta Liherren ekarpenekin.
72 minutu luzeko dokumentala dagoeneko hainbat festibaletan aurkeztu da, hala nola Bilboko Zinebin edo Donostiako Zinemaldian, eta herriz-herri ibili da geroztik. Apirilaren 30ean, ostegunean jarriko dute Itziarren, arratsaldeko 18:00etan Burugorri eraikineko lehen solairuan, Itziarko Auzo Udalak aurkeztuta. Proiekzioaren ondoren Beñat Iturrioz zuzendariarekin eta protagonistetakoa den Jon Iturriozekin solasean aritzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.