Salbuespen egoerarekin amaitu eta etxeratzeak bizkortzeko deia egiten dugu Zumaiako Saretik

Erabiltzailearen aurpegia Izan Bidea 2023ko urt. 1a, 10:09

Gradu erregresioak salatu eta elkarbizitza eta etxeratzearen alde mobilizatzen jarraitzea ezinbestekoa da.

Gertuago daude, bai, gertuago ditugu, bai, eta horrek zalantzarik gabe, izugarrizko zama gainetik kentzea dakar. Hori guztion lanari esker izan da, 34 urtetan zaintza lanetan aritutako guztiena, kalean aktibo egon diren horiena, eremu instituzionalean, zein arlo politiko eta sindikalean honen amaieraren alde elkarlanean aritu diren guztiena. Aitzitik, 9 gradu erregresio izan dira, eta hori, salbuespen neurriak bertan behera geratzeko bidean, izugarrizko atzera pausoa da. Gainera, 13 dira epaian zain daudenak, entzutegi nazionalaren fiskaltzaren errekurtsoak etengabeak dira, eta hau soilik mendeku eta gorroto ikuspuntu batetik uler dezakegu. Baina guk, orain arte egin bezala, elkarbizitza eta etxeratze prozesua normaltasunez emateko desioa dugun guztion artean lanean jarraitzeko asmo irmoa daukagu. Beraz, garai berri honetako erronkak begi bistan izanik, une hau ere balioan jartzen jakin behar dugu. Denon artean elkarlanean aritzeak duen indarraz jabe izan behar gara eta bide horretan sakontzea besterik ez daukagu, horrela gaindituko ditugulako oraingo traba hauek ere. Beraz, gaur hemen eta Urtarrilaren 7an Bilbotik, preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren alde egingo dugu, salbuespen neurri guztien kontra. Guztion artean lortuko dugu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide