“Ez ohiko antzezlan bat da, ezberdina” aipatu du Estik. Teatro Solo izeneko obra honetan, pertsona bakarrak ikus dezakeen antzerkia proposatu du Matias Umpierrez zuzendariak. Bost interbentzio biltzen ditu, hiri bateko bost leku zehatzetan gauzatuak. Ikusleak horietako bat aukeratu beharko du, eta aktore batek edo gehiagok berarentzat bakarrik antzezten du ordu erdiko pieza bat. Esti Curielek parte hartzen duen interbentzioa apartamentu batean egiten da. Irteera deitzen zaio antzezlanari eta Mary Zurbanorekin batera egiten du lan. Urtebetean, familia bat arrakalatu, hautsi eta desagertu egiten da, eta bi gorputz besterik ez dira gelditzen, denboran eta espazioan galduta. Hauxe da antzezlanaren mamia.
Atzo izan zen lehen esperientzia publikoarekin eta Estik kontatu duenez, “egunero 8 pase egiten ditugu eta nekagarria izan arren, oso gustura sentitu nintzen. Ikusle bakoitzak nola erreakzionatzen duen eta guri entzuten jartzen duten arreta ikaragarria da. Konturatu gabe, opari eder bat ematen digute. Oso pozik nago”.
Esperientzia hau New York, Buenos Aires, Sâo Paulo eta Graus hirietan aurkeztu da, besteak beste, eta arrakasta handia jaso du ikusleen eta kritikaren aldetik. Gainera, R7 saria eman zaio, 2014an Sâo Paulon ekoitzitako proiekturik onena izateagatik.
Gehiago jakin nahi baduzue, hemen duzue Teatro Solo proiektuaren bideo laburpena.
https://www.youtube.com/watch?v=sikvlyz7zNc