Kebab jatetxearen irekiera antsiatua

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Urbieta 2017ko eka. 5a, 18:05

“10.000 biztanleko herri batek ez duela kebab jatetxerik? Ez dizut sinisten!”, esan zidan Sestaoko nire lankide ohiak. Bada, galdera horrek laster baiezko erantzuna izango du. Askorentzat berandu bada ere, laster irekiko ditu ateak Zumaian lehenengoa izango den kebab jatetxeak. Kalean gaztetxo batzuei entzun diedanez: “hi, plana inda zikau. Trago pare bat aurrena, afaldu kebabean eta parranda jarraitzeko moduan!”.

Zumaia kostaldeko herria izanik, eta azken aldian turisten uholdea jasotzen duela ikusita, arraroa zen fast food delako jatetxerik ez izatea herrian. Beno, fast food edo nazioarteko janariak dastatzeko aukera ematen dutenak: txinatarrak, asiarrak, japoniarrak, italiarrak… Baina, laster, hutsune hori beteko da, eta horren erruduna kebab delako jatetxea izango da. Itzurun hondartzako bidean ikusi dugu irekiera iragartzen duen kartela; hain zuzen, Itzurun tabernaren aurrean eta Tximista tabernaren ondoan.

“Toki ederrean jarri ditek. Arratsalde partean trago batzuk hartu han inguruan, kebabean afaldu eta parranda jarraitzeko moduan eongo gaituk!”, entzun diet gaztetxo batzuei. “Zarautzkoak igarriko dik”, jarraitu du beste batek. Ondorioa argia da: jendeak kebaba atsegin du, edo gutxienez herriko belaunaldi zehatz batek bai.

Ez dakit jatetxe hori irekiko duten pertsonek merkatuaren azterketa sakonik egin duten, baina entzundakoaren arabera, kliente finkoak izango dituzte. Beti ere, Zarautzko Munoa plazatik gertu dagoen jatetxearen mailara iristen bada. Bai, aitortu behar dut nik ere oso gustukoa dudala jaki hori, eta Zarautzen ematen dutena inoiz probatu dudan hoberena da.

Gogoratzen naiz, urte batean, San Telmo jaietan, patatak eta hanburgesak saltzen dituzten furgonetez gain, kebaba saltzen zuen bat etorri zela. Ilarak harrigarriak izan ziren, eta hori, ez zela oraindik hain arrunta gure artean. Ikusiko dugu beraz, zernolako arrakasta izango duen jatetxe exotiko honek. Non ote dira amamaren gisatuak?  

Postdata: argazkia Estambulen aterata dago. Inoiz ikusi ditudan kebabik erraldoienak dira.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide