Zergatik egin behar naiz neska koadrila horren lagun? Badirudi norbaitekin erlazio batean hasten zarenean bere lagunen laguna izan behar zarela (hori agian ulertzekoa da), baina haien andregaiena? Zergatik? Zorionez esango dut ez ditudala askotan ikusten, ez baitira Urola Kostan bizi, urruti beraz. (Nire benetako koadrilakoak gutxi ikusten ditut, hauekin geratzeko moduan!) Baina egunero WhatsAppeko talde horretan jasotzen dudan bonbardeoa izugarria da, gazteleraz, gainera. Izan ere, “a mi no me hables en euskara!”, esan zidaten ezagutu nituenean.
Emakumearen ahalduntzeaz jo eta ke lanean ari garen gizarte honetan, hauek ez dakite hori ere zer den. Disneyko pelikulak ikusten nituen txikitan, baina dagoeneko printze urdinaren kondaira alde batera utzita daukat. Hauek ez ordea! Iaz koadrila horretako lehen ezkontza izan genuen, eta aurten beste bat izango dugu. Ezin duzue sinetsi nolako lata ematen ari diren: hilabete gutxi gelditzen direla, soinekoa Pronoviasekoa dela… Webgunean sartu eta ezkongaiaren soineko aukeratua zein ote den apustuak ere egiten dituzte, pentsa!
Baina onena orain dator. Ezkontza gehiago izateko esperantzan, duela egun gutxi taldeko neska baten urtebetetze eguna izan zen eta guztiek galdegin zioten ea “momento rodillazo” egon zen!!! Zer ote da hori? Ba, Disneyko filmeetan egiten duten bezala, ezkon eskaria egiteko mutila makurtu eta neskari eraztun bat ipintzea. Zoritxarrez askorentzat, ezetz esan zuen neska gaixoak.
Baina, aber, XXI.mendean gaude. Ezkondu nahi duzula? Zergatik egon behar duzu zain mutilak antzerki horren bitartez eskatzeko? Emakumeen ahalduntzea gizarteko alor guztietara zabaldu behar da, eta ez itxaroten egon desiratzen duzun zerbait egin edo eskatzeko. Baina lasai, nire talde marabilloso honetan gauzak ez dira aldatuko. Neskak ez dio mutilari galdetuko ea berekin ezkondu nahi duen. Izan ere, beste neska guztiak enkargatuko dira mutilari esaten, beraien arabera era disimulatuan, neskak ezkondu nahi duela eta mugitzeko eraztun bat erosten eta momentazoa pentsatzen! Enfin...
*argazkia: galeria.dibujos.net