Emozioak

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Urbieta 2019ko ots. 19a, 19:21

Emozioek ez omen dute tarte askorik gaur egungo gizartean. Kazetaritzan, berriz, azken joerek adierazten dute arrakastaren gakoa jendearen emozioak bilatzean dagoela, objektibotasunaren eta albiste baten egiazkotasunaren kalterako.

 

Fake newsak edo albiste faltsuak ia edozein atari edo egunkari digitaletako albiste irakurrienak dira. Sare sozialetan, aldiz, estilo horietako informazioen uholdea jasanezina da. Egiaren eta gezurraren arteko muga ezin bereiztu gabiltza, gainera.

Albiste faltsuek pertsonen emozioak bilatzen omen dituzte. Noski, begira bestela zoritxarreko ezbehar edo istripu baten inguruan hainbat mediok sortzen dituzten amaigabeko edukiak eta datuak. Erdiak baino gehiagok gezurretik dezente izaten dute, edo gutxienez handitasunera jotzen dute.

Emozio onak eta txarrak daude, eta sentipen horiek bakarka edo kolektiboan konpartitu daitezke. Zerk sortzen du, baina, emozioa? Adibide tipikoak daude: abesti batek, janari batek, senideren baten pozak edo tristurak, lana bilatzeak...

Atzo gauza bitxi bat gertatu zitzaidan. Euskaltegiko ikaskide baten lau urteko alabak argazkiko koadro hori egin zidan. Azpeitira joaten naiz euskaltegira, eta ez dut ume hori ezagutzen, baina begira zer maja den! Atzealdean gainera bere izen-abizenak eta eskerrik asko izaskun daude idatzita. Orain galdetuko duzue zergatik egin didan marrazki hori. Hauxe da ba istorioa: San Blas egunaren bueltan nire amak eginiko opilak eraman nituen klasera eta horietako bat jan gabe gelditu zen. Ikaskide horri esan nion etxera eramateko nahi bazuen eta baiezkoa esan zidan. Senarrak eta seme-alabek gustura hartuko zutela. Begira orain zein izan den ordaina! Ume ezezagun horri esker atzoko egun txarra emozio positibo eta irribarre batekin amaitu nuen.

Orain marrazkia gordetzea tokatzen zait. Umearen amak esan zidan bezala, agian hemendik urte batzuetara urrea balioko baitu. Nork daki! Gizarte honek erakusten digun bezala etorkizunean prezio onean saltzea tokatzen bada orduan bai aterako direla emozio guztiak! Bitartean ni pozik marrazkiarekin baita umeei atseginak eta eskertuak izaten erakusten dien gurasoekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide