Bada denbora dezente bakarrik bizi naizena. COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta agindu zuten itxialditik atera ginenetik, gutxi gorabehera. Ordutik neure buruaren konpainia bakarrarekin bizitzera ohitu naiz, eta, egiari zor, gogorra ere egiten da batzuetan, atsegina baita etxera iritsi eta eguneko pozak edota tristurak beste norbaitekin aurrez aurre partekatzea. Baita isiltasunak ere.
Aldi berean, esan behar dut, ordea, asko estimatzen dudala neure buruaren konpainia soila ere; izan ere, lehen baino hobeto ezagutzen naiz orain. Zentzu horretan, azken urteetan Eivissara eta Granadara egin ditudan bidaiak izan dira aberasgarrienak; izan ere, bi bidaiotan jabetu naiz gai naizela nire kabuz, inoren laguntzarik gabe, orotariko egoeretara moldatzeko eta nire buruarekin bakarrik gustura egoteko. Jendea ere ezagutu dut, noski, eta batzuekin hitz egiten jarraitzen dut oraindik, baina gehien bete nauena da sentitu dudan askatasuna eta epaitua izatearen beldur eza; gehiegitan, bakartzea eta taldetik aldentzeko hautua egitea gogor kritikatua baita. Maiz entzun ditut kalera atera ez diren lagunei zuzendutako mespretxuzko iruzkinak, haiek nahiago izan dutelako etxean geratu.
Horrekin guztiarekin ez dut xede isolamenduaren apologia egitea. Ezagutzen nautenek badakite oso tipo soziala naizela. Adierazi nahi dudana da guztiz errespetagarria dela, eta, oso garrantzitsua, gainera, bakarrik egoteko tarteak hartzea. Azken finean, norbere buruarekin bakarrizketak izatea da norbera ezagutzeko eta osatzeko modurik onena. Tamalez, iruditzen zait kontrako joera gailentzen dela gaur egungo gizartean. Gizonon artean, bereziki. Alegia, oro har nahiago dugu barrura ez begiratu, hala, iskin egingo diegulakoan bertan aurki ditzakegun minei eta tristurei. Horiek agertzea, ordea, ona da, bizirik gaudela gogoraraziko digutelako. Horregatik, ikasi behar dugu geure buruari baimena ematen triste egoteko.
Era berean, tristurarekin konektatzea osasuntsua den bezalaxe, hura azaleratzea ere premiazkoa da. Ez diogu beldurrik izan behar zaurgarriak garela erakusteari. Izango ez bagina, sentimendurik gabeko makinak ginateke. Gainera, ditugun zauri horiek partekatzea besteekiko keinu eskuzabala dela uste dut. Hala eta guztiz ere, ez da komeni horiek arinkeriaz erakustea, eta edonori. Konfiantzan egin behar da, nahiz eta taldean izan. Hala eginez gero, hori bai, hobe da lagun talde txikian egitea kuadrilla handian baino. Multzo txikiek elkarrizketa sakonagoak izateko aukera gehiago ematen dute. Beraz, nahiz eta deserosoa izan, har dezagun ohitura benetan gertatzen zaigunaz hitz egiteko, noizbehinka bada ere. Baina, batez ere, entzun dezagun aurrena geure burua.