Azkenaren bi aldeak

Erabiltzailearen aurpegia Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 30a, 13:52

Saharako errefuxiatuen kanpalekuak ezagutzeko eta, bide batez, 2012tik nuen arantza kentzeko zortea izan dut Aste Santuan. DBH4ko ikaslea nintzela egin behar nuen lehenengo bisita, baina abiatu bezperan apendizitisa atzeman zidaten, eta horrek bidaia zapuztu zidan. Patuak, ordea, ematen ditu bigarren aukerak tarteka, eta halaxe egokitu zait niri oraingoan. Oparia nori eskertu ere badut, Darahli elkartea osatzen duen talde osoari eta proiektuaren arima den Samuel Ruizi, hain zuzen ere; zeren, bera gabe, ezinezkoa bailitzateke bidaia seigarrenez egitea.

Aldi berean, aitortu behar dut, ordea, tristea ere badela 11 urte igaro ondoren kanpalekuetara joateko aukera berriro sortu izana sahararrek basamortuaren erdian ahaztuta jarraitzen dutelako. Hala ere, badirudi aurten egindako seigarren ikasle bidaia izan litekeela azkena, baina ez duela ia 50 urte oztu zizkieten lurretara itzuliko direlako. Ruizi azken hilabeteotan entzun diodanaren arabera, beharrezkoa da hari erreleboa hartuko dion beste talde bat osatzea. Orain arte, Zumaiako Herri Eskolako irakaslea zenez, ikastetxe barrutik aritu da bultzaka Ruiz, baina behin erretiroa hartuta, guztiz ulergarria da aldendu eta antolaketaren ardura beste batzuen esku utzi nahi izatea. Horrez gain, aintzat hartu behar da aurreko bidaietan laguntzaile izan duen Ibon Ibargurenek oraingoan ez duela parte hartu, eta are nekezagoa izan dela lana.

Hori horrela, uste dut herriko bi ikastetxeek nahiz Zugeko Dairarekin senidetuta dagoen Zumaiako Udalak ahalegina egin beharko luketela proiektuari eusteko. Elkarrekin betiere, orain arte bezala; zeren eta, pena litzateke hain aberatsa eta hezitzailea den proiektua galtzea. Azken finean, teoria barneratzeko eraginkorrena praktika izan ohi da, eta horixe da ekimen honek eskaintzen diena parte hartzeko zortea dutenei: lehen eskutik ezagutu dute euren egunerokotik aldentzen den errealitatea eta elkarlanaren indarra.

Azken hari horri tiraka, hain justu, iruditzen zait saharar errefuxiatuak ezagutzeko aukera izan dugun guztioi ere badagokigula Ruizek abiatutako proiektua bultzatzen jarraitzea beste batzuek guk izan dugun zorte bera izan dezaten. Taldean arituta saihestu egingo da gutxi batzuek erantzukizun osoa hartu behar izatea. Gainera, ez zait esker ona adierazteko modu hoberik bururatzen bizi izan dugunak balio izan digula uste badugu. Tindufeko kanpalekuetako seigarren ikasle bidaia azkena bada, sahararrak etxera itzuli direlako izan dadila. Tamalez, ez du itxurarik hala izango denik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide