Udako plana: boikota!

Erabiltzailearen aurpegia Jabi Gonzalez Toston

KKRren jabetzakoak diren jaialdien zerrenda ezagutzera eman denetik, musika talde dezentek agertu dute publikoki horietan gehiago ez jotzeko konpromisoa.

Ekaineko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Ia konturatu gabe heldu gara 2025aren ekuatorera. Luzatu zaizkigu eguneko argi orduak, eta lehenengo bainuak ere hartu ditugu gehientsuenok Itzurunen, nahiz eta oraindik ez diogun hasiera erabat eman hondartza denboraldiari. Aurki iritsiko da hori ere. Bertan dugu udako oporraldia eta berarekin ekarri ohi dituen bidaia, han eta hemengo festa, eta plan sorta zoragarri bezain luzea.

Askoren udako agenda pilatu horietan musika jaialdiak ageriko dira, eta baterako eta besterako sarrera erosia izango du batek baino gehiagok. Euskal Herrian bertan badugu nahikoa aukera, baina hemendik at, are zabalagoa da. Ospetsuenen artean, musika elektronikoaren milaka zale erakartzen dituen Bartzelonako Sonar, indie eta pop zaleei zuzendutako Arenal Sound eta FIB, Valentzian eta Castellon, edota, metaleroen Resurrection Fest kutuna, Galizian. Bada, El Salto egunkari digitalak joan den maiatzean argitaratutako artikulu bati esker jakin dugu badutela zerbait amankomunean aipatutako jaialdi horiek guztiek: Superstruct Entertainment taldeak antolatzen ditu denak, eta joan den urtarrilaz geroztik KKR Kohlberg Kravis Roberts inbertsio funts sionista da haren jabea.

Espainia osoko beste hamarnaka txokotako jaialdien jabea ere bada KKR, 80 inguru kontrolatzen ditu, guztira. Hala, bakoitzak milaka lagun biltzen dituela aintzat hartuta, uda honetan izango dituen irabaziak milioidunak izango dira. Ez dago esan beharrik zertara bideratuko duten dirutza hori. Palestinan legez kanpo okupatutako lurraldeetan higiezinak sustatzen ditu inbertsio funts horrek berak. Beraz, atera kontuak.

KKRren jabetzakoak diren jaialdien zerrenda ezagutzera eman denetik, musika talde dezentek agertu dute publikoki horietan gehiago ez jotzeko konpromisoa. Tartean dira Fermin Muguruza eta Kaotiko euskal taldea. Era berean, izan da lotuta zuen kontzertua bertan behera utzi duenik ere: Asturiasko Tsunami Xixon jaialdian parte hartzekoa zen Tremenda Jauria talde madrildarra, kasurako. Hartu zezaketela lehenago erabaki hori jaialdi horietako langileen baldintzak zer-nolakoak diren jakitun? Ez naiz ni izango haien defentsan aitzakia bila hasiko dena.

Nolanahi ere, kontua da orain erabaki dutela planto egitea, eta ongietorria jarrera hori hartu izanari. Halaber, uste dut gu ere kontsumitzaile garen aldetik, bide bera hartu beharko genukeela eta uko egin beharko geniokeela jaialdi horietara joateari. Palestinako genozidioa finantzatzen jarraitzea nahi ez badugu, behintzat. Gazako zerrendan gertatzen ari denak benetan axola badigu eta asaldatzen bagaitu, gure eskura ditugun tresnak erabil ditzagun bonba israeldarrak ahal den neurrian geldiarazteko. Zentzu horretan, boikot orokortua, irudi dezakeena baino eraginkorragoa da. Horra nire udako iradokizuna.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide