Zer moduz? Hementxe

Erabiltzailearen aurpegia Jabi Gonzalez Toston 2025eko urriaren 25a

Argazkia: pxhere.com

Ariketa zaila da arazo eta minen aurrean jartzea eta horiei buruz hitz egitea, nahiz eta badakigun egiteak mesede egingo ligukeela. Urriko Zumaia Gukan argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Inoiz norbaiten aurrean biluztu bagara eta gure zauriak erakutsi badizkiogu, jabetuko ginen zeinen osasungarria den. Nekeza egin zaigu, baina beharrak gain hartu ondoren askeago sentitu gara ezkutuan gordetzen ari ginen hori ahotik bota dugunean, fraust! Gainetik zama handi bat kendu izan bagenu bezala. Orduan, zergatik kostatzen zaigu hainbeste zaurgarri agertzea eta dena delakoari aurre egiteko babesa behar dugula onartzea?

Askotan nahiago izaten dugu ez ikusiarena egin edota zaurgarritasun hori ukatu. Aurrerantz ihes egin; horrela, minari iskin egingo diogulakoan. Horrek lehenago edo beranduago harrapatu egingo gaitu, ordea, eta, aurre egin beharko diogu. Bada, gatazka horretan, hobe da alboan baten bat izatea.

Inguruak sarritan ez digu zaurgarri azaltzen uzten. Nahiago dugu besteen arazoek ez bustitzea. Horregatik, taberna zulora sartu eta laguna "epa, zer moduz?" agurtzen dugunean, ontzat ematen dugu hark "hementxe" erantzutea, egin diogun galderarekin zerikusirik ez badu ere. Entzun izan ditut "zenbat eta gutxiago jakinda hobe" edota "nahiago dut nor den ez jakin" esaldiak ere. Nola izango da, bada, ona ez jakitea, informazio hori estimatzen dugun pertsona batekin lotuta badago? Kontua da, jakiteak inplikatzea eskatzen duela eta erosoagoa dela "ez nekien ezer" aitzakiapean, ez posizionatzea.

Gainera, benetako inplikazioak jarraipena eskatzen du. Hau da, ezin gara mugatu "animo!" esatera soilik, lagunaren ezinegonaren zergatia ezagutu ondoren. Kontatu digu zer duen, entzun ditugu haren kezkak eta negarrak, baina hortik denbora batera galdetu al diogu berriro ezinegon hori eragiten dion kontuak hor jarraitzen duen edo zer-nolako bilakaera izan duen? Askotan, gehiegitan, huts egiten dugu bigarren pauso horretan.

Gure burua zuritzeko esango dugu: "Seguru nahiago duela gaiaz ez hitz egin. Hobe izango da ezer ez galdetzea, badaki barrenak hustu nahi baditu nigana jo dezakeela". Haren tokian bageunde, ordea, hala egingo al genuke guk? Segur aski pentsatuko genuke: "Ez dut nahi harentzako zama izan, hark ere izango ditu bere arazoak... Niri dagokit nireak kudeatzea". Horregatik, hobe da gu geu izatea entzuteko jarrera aktiboa eta interes zintzoa agertzen ditugunak.

Esan nahi dudana da, batetik, ez geniokeela beldurrik izan beharko arazo bat dugula onartzeari eta horri aurre egiteko laguntza eskatzeari, eta, bestetik, ez geniokeela beldurrik izan beharko, era berean, trantze korapilatsua pasatzen ari den horri galderak egiteari, axola bazaigu behintzat. Zenbat eta galdera zehatzagoak egin, hobe. Momentuan nahiago badu ez hitz egin, adieraziko digu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide