Autoritatea

Erabiltzailearen aurpegia Jabi Gonzalez Toston 2026ko martxoaren 11

Gomazko pilota (@gure_argazkiak)

Jabi Gonzalez Tostonek urtarrileko Zumaia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. 

Dezente izan dira poliziari loturiko albisteak azken hilabeteetan. Iruditzen zait, gainera, abiatu berri dugun 2026 honetan, antzera jarraituko dugula. Nik neuk ere idatzi eta lokutatu behar izan ditut informazio horietako batzuk irratian. Izan dira interes handiz landu ditudanak; eskualde honetan bertan hainbat herritako udaltzain postuak betetzeko egin duten Enplegu-Eskaintza Publikoko deialdi bateratua, kasu. Baina baita interesa baino nigan kezka piztu dutenak ere.

Duela hilabete eskas, erredakziora iritsi eta minutu gutxira korrika eta presaka abiatu behar izan nuen Ondarretako ertzain etxera Erne, Esan eta Sipe sindikatuek elkarretaratzea deitu zutelako. Ertzainen aurkako erasoak areagotu egin direla salatzearekin batera, horiek saihestuko lituzketen zenbait neurri aldarrikatzeko egin zuten protesta. Azken horiek kezkatu ninduten, hain justu ere.

"Autoritate printzipioa" galdu dutela eta istilu egoeretan herritarrek "gain hartzen" dietela argi ikusten dutela-eta kexu ziren ertzainen ordezkariak. Bada, ni ere herritarra naiz, eta ez nuen hori ikusi Lasarten izan nintzenean adierazpen horiek entzun baino hilabete lehenago. Argi ez, behintzat. Voxek informazio mahaia jarriko zuela-eta bidali ninduten hara, badaezpada, istiluak sor zitezkeelako. 

Bada, 17:00etatik 19:30era, aurrez aurreko fisikorik ez; tentsioa, bai, irainak ere bai, asko, gainera. Erdiak ertzainei zuzenduak Voxeko kideak babesteagatik, baina ez gehiago. Hori bai, istiluen aurkako agenteek mugimenduren bat egiten zutenean, formazio aldaketaren bat edo beste, adibidez, berehala urduritzen ziren manifestariak. Horregatik, ez zait iruditzen autoritate printzipio hori galdu dutenik. Halaber, Vox plaza uzten ari zela protestan zirenek zenbait objektu jaurti zituztenean eta ertzainek kargatu zutenean, "istilu sortzaileak" ez ziren haiek mendean hartzeko gai izan.

Autoritate printzipio hori berreskuratzeko "sendotasun handiagoarekin" aritu ahal izatea eskatzen zuten ertzainek, antza, dituzten agintarien aginduak "epelak" direlako. Bada, akaso eraginkorra bai, baina ez zait iruditzen kolpeak eta mehatxuak autoritatea irabazteko bitarteko egokienak direnik. Era berean, ertzainek sendotasun handiagoarekin jokatuko balute zer gerta zitekeen imajinatzeak... hotzikarak eragin zizkidan. Batez ere, aurrez Sipeko kideari entzun niolako guztiz bat zetorrela Esanek bezperan eskatutakoarekin: atzera berriro gomazko pilotak erabiltzea.

Ertzainen eskakizunak jaso nituen egun berean, Tolosako inauterietan begi batetik itsu geratu zen Xuhar Pazosen aitarekin ere hitz egin nuen telefonoz, Instrukzio Epaitegiak bigarrenez artxibatu duelako auzia; ertzainek zuzen jokatu zutela argudiatzen du. 

Hori gutxi balitz, egun hartan bertan, halaber, eta Ondarretako protestaren aurretik, zazpi ertzainek deklaratu zuten Donostiako epaitegian, Amaya Zabarteren auzian. Eztabaidagarria foam jaurtigaien erabilera kasu horretan ere. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide