Bigarrena Sevillan

Erabiltzailearen aurpegia Jabi Gonzalez Toston 2026ko maiatzaren 31

Jendetza Kopako finala ikusten Beheko plazan, santelmoen repetizioetan. (Utzitakoa)

Jabi Gonzalez Tostonek apirileko Zumaia Guka aldizkariko Korapiloa atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Konturatzerako bertan ditugu aurtengo santelmoak ere. Iruditzen zait lauzpabost aste besterik ez direla pasatu Gabonak atzean utzi genituenetik, baina bai, apirilean gaude jada… Gazte gehienak irrikaz izango dira festari ekiteko eta gaua eguna argitu arte luzatzeko. Beteranoagoak direnak ere ez dira oso urruti ibiliko, halere. 

Niretzat, ordea, desberdinak izango dira aurtengo jaiak; izan ere, bigarren zatia galduko dut. Sevillan (Espainia) izango naiz repetizioetan, ez Reala animatzera noalako (hori ere egingo dut, bide batez), ezagutzen nautenek badakite eibarzale amorratua naizela; baizik eta lanera noalako. Realzaleek Sevillara eramango duten festa giroa uhinetatik Euskal Herrira ekartzera, hain zuzen ere. Ez dut gezurrik esango, gustura ariko naiz horretan ere.

"Santelmoetako pack osoa datorren urtean ere izango duzu gozagarri. Halako lan aukerak, ordea, urriagoak dira", esaten diot nire buruari, repetizioetan herritik kanpo egoteagatik sentitzen dudan pena arindu nahian. "Gainera, lehenengo asteburuan herrian izango zara, eta bandera jaisterako helduko zara", izaten da hurrengo esaldia aurreko argudioa nahikoa ez denean. 

Ez naiz damu Sevillara joateko proposamena onartzeaz, baina ez dut ukatuko, halaber, arantzatxoa ere badudala bertsio gaua galduko dudalako, adibidez. Santelmoetako ekitaldi ederrenetakoa da niretzat, eta Francis Diezen (Doctor Deseo) paperean bereziki gozatu nuen duela pare bat urte. Musikariak izan ala ausartak eta lotsagabeak, besterik gabe (aukeran, nahiago bigarren zakukoak), zoragarria da herriko jendea, lagunak, oholtza gainean ikustea. Ekitaldi gutxi daude hain herrikoiak direnak. 

Izaera herrikoi horri lotuta, ezin txosnak aipatu gabe utzi. Bertsio gauaren egoitza, hain justu. Zeharo arraroa egiten zait, eta apur bat mingarria ere bai, pentsatzea Zumaian zabalik egongo direla ni Sevillan nagoen bitartean. Askok pentsatuko duzue dramatikoegia naizela eta ez dela hainbesterako. Arrazoi duzue hein handi batean. Kontua da horixe dela santelmoetatik gehien maite dudana, txosnetan arnasten den giroa. 

Pentsatzen jarrita, egia da Sevillan ere izango naizela txosna batean: Realzaleen fanzonean. Erraldoia izango da, gainera, eta euskal musika izango dute topera jarrita. Bide batez, esango dut espero dudala Emon musika taldearen Txosneroak abestia ez dela faltako errepertorioan. Hala eta guztiz ere, Sevillakoa ez da Txomin Agirre kaikoa izango, inondik inora. Modernoa eta zulorik gabea, seguru; baina gutxi izango du auzolanetik. Gurea herritarrok herritarrontzako sortu dugun espazioa da eta mimo handiz prestatutakoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide