Egin ez zen kontzertu baten kronika

Erabiltzailearen aurpegia Jon Maia 2024ko abe. 8a, 11:00

Itzurun hondartza itsasbeheran. (Maria Maya Manterola)

Azaroko Zumaia Guka aldizkarirako Jon Maiak idatzitako iritzi artikulua da honakoa, irailean Itzurun hondartzan egitekoa zen kontzertuaz.

Otsailean sortu zen ideia baina baimena lortu genuenean, iraila hasieran, egin genituen lehen bilerak. Nire herrian disko berriaren ikuskizun berria berezia izatea nahi nuen. Ez ohikoa. Planteamendua, Zumaia geologiagatik (besteak beste) ezaguna egin den herria izanik, goazen harrien atzean dagoen herria, kultura, historia, izaera erakustera. Goazen azaleko ikuspegia daraman bisitariari eta bide batez herritarrari gure identitate inpaktu bat ematera, edertasunetik eta emoziotik. Itzurunen. Antzoki ederragorik…

Faktore askok egin behar zuten bat: hondartza denboralditik kanpo izatea, marea biziak eta horiek larunbat gau batekin kointziditzea eta azkenik, aurreko egunean eta egunean bertan eguraldi ona.

Kalkuluak egin, konplizeak lortu. Udalak bai, ETBk bai. Gure baliabideen mugekin, ahal dugun handiena egin nahi dugu. Herriko eragileen parte hartzearen bila hasi nintzen.

Lucia Lacarrak baietz. Munduko antzokirik handienetan izarra den gure herriko neskatxa maiteak munduko antzoki ederrenean dantzan egitearen ametsa du.

Astindu dantza taldeak baiezkoa! Joare taldeak baietz, adar joleek bai, Sambouk bai, Evak bai, Zaria abesbatza bidelagun ditudanak... bai. Ehun lagun inguru guztira. Ilusioa zabalduta dago herrian. Hilabeteetan buruan dudan egitura eta gidoia martxan jartzen dut.

Txefurekin mareak komentatzen ditut txikiteoan, udalean Miriamekin egunero solasaldiak, Esti martxan turismo bulegoaren sukalde lanetan. Udal brigadaren prestutasuna, Bideanen produkzioa, musikariekin entseguak… Egun eguzkitsuak aurretik Euskalmeten, Aemeten, Windgurun. Manu talaiero izendatzen dut eta egunero esaten dit zer ikusten duen itsasotik. Dena ondo! Baina premonizio modura edo, gerrian krakatekoak ematen dit Oioneko kontzertuan.. arrastaka noa leku guztietara.

Aurreko asteburuan laino beltzak eta tximistak agertzen dira larunbataren gainean. Eta orduan hasten da politena. Kalean herritarrak hurbiltzen zaizkit "ea zortea duzun Jon!", "eguraldi ona egingo du, izan fedea", "Arritokietan kandela jarri dugu, etxean" beste askok… Herriko denda txinatarretako kandelak agortuta imajinatzen ditut. Joseba Euskalmeten dugun zumaiarrak egunero parte idatzi bat bidaltzen dit. Itxura txarra. Kontziente naiz ametsa desegiten ari dela. Bajoi handia eta etxean negar saioren bat. Ostegunean erabaki beharra dago, arrisku ekonomikoa aktibatzen baita. Bai, ezin da egin.

Eta nik, aitortu nahi nuke hunkituta nagoela egin ez den kontzertu emanaldi honek herrian sortu duen mugimendu, ilusio, gogo honekin. Euriak batu gaitu. Bizi ahal izan ez dugun gau magiko batek batu gaitu. Eskerrik asko parte hartzekoak zineten guztiei bihotzez, eskerrik asko Zumaia eta zumaiarrak sentitu dudan babesa eta hurbiltasunagatik. Eta eskerrik asko zuri Itzurun maitea, Itzurun betikoa, gure amandre ederra. Egun hauei esker ondorioztatu dut zuk ez duzula behar gure argirik eta musikarik. Zu ezin ederragoa zara izatez, zaren bezalaxe. Gure historiaren lekuko erraldoi eta isil diren zure harri gorri, hondar beltzaran, olatu basa, labar luze eternal, zulo sabel oparo eta gure haurren putzuzulo. Zuk ez gaituzu gu behar, gu gara zu behar zaitugunak. Eta zorionekoak gu, beti, betidanik, betirako, hor zauden.

Udaberrian itzuliko gara. Piztu kandelak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide