Harresi ikusiezinak

Erabiltzailearen aurpegia Jose Castillo 2019ko aza. 27a, 09:05

Irailaren erdialdean ekin nion Madrilen urtebetez masterra ikasi eta bizitzeko erronkari. Ordutik, hamarnaka pertsona eta txoko liluragarri ezagutu ditut Espainiar Estatuko hiriburuan. Egia esan, aurreiritziak aurreiritzi, jende ona leku guztietan aurki daiteke eta. Baina lehen hilabete honetan gehien harritu nauena Madrilek bizi duen klase polarizazio bortitza da. Hiriburu guztia harresi handi eta ikusezin batek zeharkatzen baitu. Ez da begi bistakoa, baina madrildarren bizi baldintzak guztiz baldintzatzen ditu. 

Hegoaldearen eta iparraldearen arteko mugan bizi naiz, Campamento auzoan, Carabanchel goian kokatzen den langile eta etorkin auzo batean. Ez naiz kexu, Somosaguaseko Complutense Unibertsitateko campusa etxetik hamar minutura dut autobusean. Hori bai, autobusa hartu eta segituan, unibertsitatera bidean noala harresi ikusiezina igarotzen dut. Pozuelo de Alarcon herria zeharkatu behar baitut unibertsitatera iristeko, urbanizazio pribatuz jositako herria eta Estatuko Barne Produktu Gordina per capita tasa altuena duen herria. 

Horren gertu eta horren urrun. Pozuelon bizi den biztanle batek ez du bere bizitzan ia inoiz erlazionatu beharko Carabanchelen edota Vallecasen bizi den norbaitekin. Ikusten ditu, baina ez dira existitzen, ez dira bere bizitzaren parte. Azaro honetan 30 urte beteko dira Berlineko harresia eraitsi zela. Ordea, gogoratu inork gutxik aipatuko dizkizuen gure hirietako harresi ikusiezinekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide