Antsietatearen pandemia

Erabiltzailearen aurpegia Jose Castillo 2021ko uzt. 15a, 06:01

Buru osasunaren gaia gaurkotasun handikoa bihurtu da azken hilabeteetan. Iñigo Errejonek zerbitzu psikologikoen merkatzea eta publifikatzea eskatu zuen Espainiako Kongresuan. Datuek proposamen hau baieztatzen dute: egun Espainiako Estatuko populazioaren % 15 inguruk antsietatea edota depresioa pairatzen du. Era berean, Espainian kontsumitzen da psikofarmako gehien Europar Batasunean. Bereziki, gazte langileak dira antsietate eta depresio gehien pairatzen dituztenak.

Horren aurrean, eskuinak betiko erantzuna ematen digu: “Zure bizitza proiektuetan porrot egiten baduzu, gehiegi saiatu ez zarelako da”. Bestalde, ezker sozialdemokratak, aberastasuna berriz banatzeari uko egin dionez, ezintasun ikaragarria baitu bere programa politikoaren proposamenak errealitatera eramateko, orain antsietatearen arazo sozialari erantzun azkarra eman nahi dio: “Antsietatea baduzu, guk psikologoak merkatuko ditugu”. Baina benetako arazoa ez da psikologora joateko zailtasun ekonomikoa, psikologora joateko beharra bera baizik.

Agian, populazioaren zati handi bat ez dago triste (soilik) laguntza psikologiko falta duelako. Baliteke triste egotea miseriazko soldata bat dutelako eta alokairu bat ezin dutelako ordaindu. Euren bikotea, familia edota lagunak ezin dituztelako ikusi. Antsietatea ez da arazo indibidual bat, arazo sozial bat baizik. Krisi kapitalistak aurrera darraien bitartean, jendartea bera gaixotzen segituko da. Psikologoak beharrezkoak dira, eta gaixotzen gaituen sistema gainditzeko antolakuntza ere bai.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide