Gazteak eta eskuin muturra

Erabiltzailearen aurpegia Jose Castillo 2026ko martxoaren 21a

Falangearen mobilizazioa 2025eko urriaren 12an, Gasteizen (Sare Antifaxista)

Jose Castillok urtarrileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako iritzi zutabea da honakoa.

Azken hilabeteotan maiz entzun dugu hedabideetan gazteen artean eskuin muturrera jotzeko hautu politikoa zabaltzen ari dela. Ez da gezurra, inkesta soziologikoei erreparatuz gero, batez ere gazte gizonezkoen artean iritzi arrazistak eta atzerakoiak indartzen ari direla ikus dezakegu eta. Euskal Herria ez dago joera horretatik salbu, ezta historikoki antifaxistak izan diren esparru politikoak ere, euskal abertzaletasuna barne. Azken uda honetan euskal aberritik etorkinak kanporatzeko dei egiten zuten hainbat pankarta agertu dira gure hirietako festetan.

Anekdotikoa iruditu ahal zaigu, baina eskuin muturraren presentzia hor dago, nahiz eta komunikabide handiek joera hori puztu dutela ere aipatu behar den. Eskuin muturrak egiten duen manifestazio orori ahotsa ematen bazaio, nahiz eta hori txikia edo anekdotikoa izan, arazoa dena baino handiago dela uste dezakegu eta afera hedatzen lagundu. Baina arazoa txikia izanagatik ez da gutxietsi behar, ezta faxismoaren kale presentziari aurre egiten dioten gazte horien ekina salatu ere. Joera hor dago, baina oraindik ere gazte antifaxistak askoz gehiago dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide