Agian entzun dituzue Madrilgo unibertsitate publikoaren inguruko albisteak. Ayusoren gobernuak ezarritako murrizketen erruz, bertako sei unibertsitate publikoak ataka larrian daude: modu duinean ikertzeko baldintzarik gabe, klaseak emateko larriekin eta ikasleen protesta eskubidea mugatzeko mehatxuekin. Unibertsitate publiko horietako batean egiten dut lan, baina EHUn ikasi nuen eta hori ere ez dago egoera honetatik salbu.
EHUko erretoretza talde berriak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion unibertsitatearen aurrekontua kasik bikoiztu behar zuela, behintzat ikerketa, ikasketa eta campusen mantentze lanak modu duinean garatu nahi badira. Unibertsitate pribatuen ikasle kopurua hazten ari den honetan, publikoak guztiz ez finantzatzeko hautua erabat politikoa da, horiek pribatizatzeko modua baita.
Unibertsitate publikoaren izaera jokoan dago; zenbat eta kreditu publiko gutxiago, orduan eta menpekotasun handiagoa egungo negozio iturriekiko. Finantziazio publiko duin baten ordez, gerraren eta armagintzaren sektore pribatuarentzat ikertzera bultzatzen ari baitira unibertsitate publikoak.