Pazientzia eta tinkotasunez aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Ossa 2018ko uzt. 24a, 12:22

Urte asko igaro dira 2009an ingeniari enpresa batek enkargua jaso zuenetik Zumaia eta Arroa Behea lotuko lituzkeen bidegorri baten proiektua idazteko. Urte gehiegi, gure ustez. Urte gehiegi, zain dagoenarentzat. [Joseba Ossak uztaileko Baleike aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua]

Handik bost urtera, 2014an, lehen fasea inauguratu zen, Zumaia-Narrondo, eta horrek motibazio berezia eman zigun gure borroka indartzeko, eta ekimen berriei bide emateko. Batzar irekiak, sinadura bilketa, Zestoako Udaletxeko plenoetan agerraldiak, martxa herrikoiak Zumaia eta Zestoatik, pankartak, mozioak, bilerak erakundeetako ordezkariekin, bi agerraldi Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mugikortasun Batzordean, eta abar. 

Bestetik, eta gure borroka Bidegorrian zentratu bada ere, horrekin lotuta bide segurtasunarekin lotutako bi eskaera izan ditugu: Bombas Azcue ondoko bidegurutze arriskutsuari irtenbidea ematea (biribilgune edo rotonda proiektua) eta Arroa Beheko autobus geralekuan zebra bidea jartzea. 

Alderdikeriak nagusi?

Azken urteotako borroka honetan hitz eder asko jaso ditugu. Ez digu inork kontra dagoenik esan. Baina gero, erabakitzeko orduan, garbi dago gure eskaerak ez duela lehentasunik, ez behintzat Mugikortasun Sailean agintzen duen alderdiarentzat. Eta azkenaldiko inbertsio gehienak beraiek agintzen duten udalerrietan egin dira: Irun, Lasarte, Pasaia, Eibar… Azpeitia aipatzen dute beraiek salbuespen gisa, baina badakigu lehendik sinatuta zegoen hitzarmen bat betetzera behartuta zeudela. Beraz, salbuespen horrek ohiko joera berretsi besterik ez du egiten.

Horregatik eskatu genion (eta eskatzen diogu) Alderdi Sozialistari hain begi onez ikusten duen gure zati honi ere erantzun bat eman, eta datorren urteko aurrekontuetan partida bat aurreikus dezan Urola bailara osoa lotuko lukeen zati txiki hau behingoz amaitu, eta herritar guztioi mesede galanta egin diezagun. 

Bestetik, nabarmena da datorren urtean hauteskundeak datozela, eta alderdien arteko lehia areagotzen ari dela. Olatu interesgarri bezain arriskutsua izan daiteke guretzat. Izan ere, laguntza guztiak ongi etorriak izango badira ere, beti dago hor herri mugimenduen instrumentalizazioaren tentazioa. Guri, ordea, onura baino kalte handiagoa ekarriko liguke, nire ustez behintzat, eta hor ere independentziari eustea izan beharko luke gure erronketako bat. 

Azken ekimena: bidegorria auzolanean

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi zenbait herritarrek proposatu eta aurrera egin duen auzolanaren kontua: motozerrak eta bestelako erremintak hartu, Udalaren bidez aseguruak egin, eta tarteka-tarteka Urola trenbideko zatiak garbitzen hasi gara auzolanean. “Herritarrok ezin ditugu erakundeak ordezkatu, baina gu ordezkatzen gaituztenek ez badute beren lana fin egiten, geuk egin beharko dugu” esan zuen herritar batek batzar batean, eta hortik abiatu da ekimena. Balioko ote du ezertarako? Gutxienez norbaiti koloreak ateratzeko? Aldundiari lana errazago uzteko? Edo gutxienez bidegorriari metro batzuk erantsi, eta horietaz gozatu ahal izateko? Auskalo! Guk, behintzat, geure lanean jarraituko dugu, pazientziaz eta tinkotasunez!

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide