Eta horren erakusgarri dira inguruan ditudan zientoka liburu, komiki, pelikula eta diskoak, batere pentsatu gabe erosi izan ditudanak. Ziur aski hemen alboan dudan bildumako disko dezente entzun ere ez ditut egin. Pelikulekin berdin gertatu izan zait. Bergmanen zazpi DVDko bilduma ateratzen duela? Erosi, nahiz eta Bergman ez zaidan inoiz gustatu. Fassbinderren 15 ordu eta erdiko Berlin, Alexanderplatz pelikularen kopia remasterizatua ateratzen zutela? Etorri nirekin, nahiz eta sekula ikusiko ote dudan zalantzak izan. Bai Bergmanenak, bai Fassbinderrenak hor segitzen dute baldan, ikusi gabeak. Agian, zentzu horretan, hain arduragabea eta astapotroa izan ez banitz, jubilaziora begira altxor txiki bat izango nuke, baina…
Denborarekin zertxobait aldatu naizela pentsatu nahi dut. David Bowie hil eta hilabete edo aste gutxira dozena bat lp-ko kaja bat atera zuten. 250 euro baino gehiago balio zuen eta ikusi eta berehala Interneteko denda jakin bateko erosketa karritoan sartu nuen. Baina, segituan pentsatu nuen: zer demontre ari naiz egiten?! Bitan pentsatu nuen (lehenbizi behin eta gero beste behin) eta karritotik atera nuen… eta gero berriro sartu, eta atera. Adio Bowie, onenetakoa izan zara, baina zure disketxeak edo oinordekoek ez dituzte nire 250 euro eramango… oraingoz.
Zertara datorren hitz-jario hau galdetuko duzue agian. Ba begira, beste galdera batekin erantzungo dut: politikari batek, kargudun batek, edozeinek, sare sozialetan ezin justifikatuzko astakeria bat botatzera doanean (gero testuingurutik aterata dagoela argudiatuko du), edo El Mundo bezalako hedabide batean “La lista de buenorras internacionales en los Juegos Olímpicos de Río” titularra duen ‘albiste’ bat argitaratzeko asmoa dagoenean, inork ez al du ‘bidali/argitaratu’ botoia klikatu aurretik bitan pentsatzen? Ez, ezta?