Udan landatutako haziak sustraituko ote dira?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko abu. 28a, 11:46

Herriko musika mundua ari da zertxobait aldatzen. Gero eta taberna gehiago animatu da kontzertuak antolatzera. Albiste pozgarria, inongo zalantzarik gabe.

Kontzertuetara joaten garenok inbidiarekin ikusten genuen beste herrietan gertatzen zena. Azkoitian, adibidez, tabernariek bat egiten zuten kontzertuak antolatzeko. Ekartzen zutena gustukoa izan edo ez, beste gauza bat zen; elkarlana zen txalotzekoa. Eta probetxu ekonomikoa aterako zuten, bestela ez ziren halako kakanahaste batean sartuko. 

Zarautzen ere antzerakoak ikusi dira: Malekoiko pare bat tabernen artean emanaldiak antolatu eta hala kontzertura hurreratzen direnak bata, bestera edo bietara joango ziren. Hauek ere irabaziak aterako zituzten; pentsatu nahi dut dirua galtzeko inork ez duela halako ekitaldirik muntatuko.

Horretara ez gara oraindik heldu Zumaian, baina zertxobait aldatzen ari dela nabari da. Gero eta taberna gehiago ari da ekitaldiak muntatzen, bakoitza bere aldetik, askotan Udalaren laguntzarekin, eta hori, musikazale bezala, txalotzekoa da. 

Dagoeneko urte batzuk ditugunok ondo gogoan ditugu Ihintza zaharreko kontzertu izerditsuak (toki gutxi, beroa, jende asko, zarata, rock’n’rolla!), edo Ilargin La Oreja de Van Goghek eta Kabin Deloreanek jo zutenekoa. Piruk Algorri eraman zuenean ere antolatu ziren zenbait kontzertu (han ezagutu nuen Joseba Irazoki handia), baita Hogarreko jatetxean, Ttakunen eta Nikolen epe labur batean. Tximistak ateak zabaldu zituenean izan zituen zenbait kontzertu eta uda honetan ere pare bat emanaldi muntatu ditu. Inpernupek ere antolatu zuen iaz kontzertu sorta kalean bertan. Ganbaran, berriz, bakarrizketen aldeko apostua egin izan dute. Ezin ahaztu, noski, Gaztetxean egindako lana. Agian beste leku gehiagotan ere egingo ziren; barkatuko didazue ahaztu baditut.

Urte hauetan guztietan kontzertuak antolatzeko politika etenik gabe mantendu duena Itzurun taberna izan da, jazzari eta bluesari, baina baita pop eta rockari, tarte bat zabalduaz herri honetan. Hobeagoak batzuk, kaxkarragoak besteak, baina eskertzekoa da Joserraren gogoa.

Uda honetan Goiko bodegoia hasi da kontzertuak antolatzen, baita Kanpineko Orrua jatetxea eta Oikiko Txortena ere. Atzo bertan Kantauri tabernak Los Brown (beraien lehenengo kontzertua) eta The Grace of Dionysus taldeen saioa muntatu zuen plazan. Esandakoa, badirudi zerbait ari dela aldatzen herri honetan eta hori aberasgarria da, bai herriko kultur giroarentzako, baita jotzeko beste aukerak zabaltzen zaizkien taldeentzat ere; bertakoentzat, baina baita kanpotik etorri nahi dutenentzat ere. 

Abuztua amaitzear da eta aste batzuk barru udazkenean sartuko gara. Uda honetan landatutako haziak sustraituko ote dira?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide