Aizu, iragarki honek ez didala ondo funtzionatzen!

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ira. 6a, 20:08

Egun on, Danone jauna? Zer moduz zara? Familia ondo? Hala espero dut. Ni ere ondo… Beno, begira, arazo txiki bat daukat zure produktu batekin.

Kontatuko dizut. Han nengoen sofan botata joko olinpikoetako badmintonek final zirraragarri hura ikusten. Amaieran Tele5 ikusten hasi nintzen, ea Maria Teresa Campos agertzen zen. Eta halako batean iragarki hau ikusi nuen. Puffff, ze luxua, aizu! Ze etxe! Eta ze neska! Gela handi, zuri eta argiz betetako balkoitik itsasora begira dagoen neska eder bat agertzen da, eskuan jogurt bat duela eta lehen koilarakada ahora eraman eta berehala gizonezko bat agertzen zaio. Aizu! Bazpadare, ni oso matxoa naizela, ee? Baina onartu behar da guapoa dela. Eta pentsatu nuen, neska eder honi gizonezko hau agertzen bazaio jogurt hori jaterakoan, niri zergatik ez zait Beyoncéren moduko emakume bat azalduko!

Saltaka batean joan nintzen ondoko Eroskira, erosi nituen jogurtak eta di-da batean etxera bueltatu nintzen prozesua martxan jartzera. Beno, egia da etxeko balkoitik ez dela itsasorik ikusten, Iturriko baserria baizik, eta chill-out musikaren ordez Jóseren karrasperak entzuten direla, baina beno, situazioan jarri nintzen: jogurtari tapa kendu eta lehen yogur koilarakada eraman nuen ahora. Pixka bat zain egon nintzen, atzera begiratu nuen eta ezer ere ez. Han ez zegoen Beyoncérik. Bigarren koilarakada eta berdin, ezer ere ez. A zer dezepzioa! Nik jada ezkontzarako planak ere eginda nituela nire burutxo honetan. Jogurt pote osoa bukatu nuen eta han ez zegoen nobedaderik: aldamene atarikoak kalean bueltaka, goiko blokekoa biraoka, marruaka eta Jóse bere karraspera horrekin. Ez Beyoncé, ez maromo guapoa ere. Begiratu nuen ea jogurta kadukatuta zegoen, baina ez, ondo zegoen. Beste bat ere jan nuen, ea dosi bikoitz batekin funtzionatzen zuen, baina hala ere ez.

Gero pentsatu nuen Beyoncék San Jose kaleko zenbaki hau ez zuela agian aurkitu, transportista batzuekin gertatzen den bezala, eta gure kalera etorri beharrean San Telmo ermitara igo zela. Bazpadare etxeko balkoian jarraitu nuen beste ordubetez, Beyoncé helduko zenean besoekin agurtzeko. Lortu nuen bakarra insolazio bat eta kanarioa arduratzea izan zen. 

Ez dakit, Danone jauna, zure produktua ondo dabilen edo, agian, San Jose kalera ez dituzuen bidaltzen Beyoncé edota maromoa. Nire email helbidea emango dizut erantzuteko: xxx@yyy.eus.

Zure erantzunaren zain geratzen naiz.

Adeitasunez,

Iñigo

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide