Betikoa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko aza. 26a, 10:17

Arratsaldeko 6rak, lanetik irteten eta wasapeko mezua mugikorrera: "Joango al gara zinera Arrival ikustera? 22:00etan dago saioa". "Bale, ze ordutan geratuko gara?". "20:40 Txapartegi parean". "Ondo da".

Kotxean sartu, Arroarako bidea hartu, autobidean sartu eta bagoaz Donostira. Eguna zer moduz? Hainbestean. Hangoaz eta hemengoaz hitz egiten ari garela, pum!, Orio parean ertzainen auto bat argiak piztuta dituela eta, zertxobait aurrerago, pum!, ataskoa. Auto ilara galantak. Gaua da dagoeneko eta kotxeen atzeko argien kolore gorriak hartzen ditu autobideko hiru errailak. Zer gertatu den ideiarik ez eta mantso baino mantsoago aurrera goaz. Irratia jarri dugu zer gertatu den jakiteko. Twitterra ere begiratzen hasten naiz. Halako batean, gaueko 9:00etako irratiko albistegian diote hiru kamioiek istripua izan dutela Usurbil parean 19:00ak aldera eta gertaera hori medio auto ilarak sortu direla Irunerako norakoan. Twitterren diote hiru kilometrokoak direla ilara hauek (gehiago ere bai). 

Eta pentsatzen jartzen zara: bale, hiru kamioiek izan dute istripua eta normaltasunera bueltatzeko beharko da denbora. Baina, istripua gertatu eta bi ordu geroago oraindik sekulako ilarak badaude, autobidean kristoren ataskoa badago, ez al zaio bezeroari, bidaiariari, abixatu behar? Ze, ez Arroako sarreran, ez Zarauzko ordainlekuan, inon ez zen esaten kilometro batzuk aurrerago istripua izan zela eta erretentzioak zeudela (halako abixu bakarra autobidean bertan, kakanahaste barruan, aurkitu genuen). Hori jakinda, agian, autobidetik atera eta errepidea hartuko luke jendeak baina hori, badirudi, autobidea kudeatzen duen elkarte publikoari ez zaiola komeni. Autoak sagu-artean sartzen direla? Bidaiaria haserre daudela? Bost axola, ordaintzen duten bitartean. Horrek badu hitz bat eta 'l' hizkiarekin hasten da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide