Jende askok oporretan hondartzara edo mendira joateko ohitura du arnasa eta atsedena hartzeko. Bejondeiela! Niri, baina, aspertu egiten nau. Oporretan kanpora joateko aukera dudanean hirietara joatea gustukoagoa dut. Azkena pasa den astean izan zen: egun batzuk libre nituenez Madrilera alde egin nuen. Errege egun bezpera zen eta gainezka zegoen hura, une batzuetan zaila zen hiriguneko hainbat lekutatik pasatzea. Madrildarrez gain, jatorri ugariko turistak zeuden, baita euskaldunak ere (ni, esaterako). Aurrez ere Madrilen egona naiz eta turista gehien erakartzen dituen lekuak ekidin ditut oraingoan. Noski, aterpea justu erditik gertuko baduzu, ezin erabat ihes egin.
Pentsioan motxila utzi eta berehala hasi nintzen gehien gustatzen zaidana egiten: kalez kale ibiltzen. Madril hiri handia da, baina hirigunea uste baino txikiagoa da. Beraz, normala da aurrez ezagunak diren lekuak berriro bisitatzea edo aurreko batean gustura egon zinen taberna batekin topo egin eta berriro sartzea. Baina ezker-eskuin ibiltze horretan turistarik ez dabilen (beno, bai, bat, ni) kalezuloetan galtzeko aukera izaten da eta halakoetan aurkitzen dituzu Madril oraindik jolas parke bihurtu ez zeneko arrastoak. Eta Madril diodanean beste edozein hiri handi idatzi daiteke.
Noraezean ibiltze horretan hau idazten duenaren bizioak asetzeko moduko lekuak aurkitzen dira: liburu-dendak, komiki-dendak, disko-dendak... Abenduko paga doblea dardarka jartzeko moduko lekuak. Aspaldian bila zenbiltzan disko hura berri-berria, edo gustukoa duzun abeslariaren gospel disko haren edizio bikoitza, edo Johnny Cashen azken bospasei diskoak biltzen dituen kaxa, edo... Konturatzerako Visa txartelari astindu galanta eman diozu eta burua astintzen ateratzen zara: "Ahula banaiz ba!". Eta justu aurrean taberna txiki bat ikusten duzu. Atetik begiratu eta binilozko disko mordoa apaletan; hauetako bat tokadiskoan jarrita. Sartu, "buenas tardes, que te pongo" entzun eta zerbeza bat eskatu diozu tabernariari. Harekin batera Cheetos katilukada bat jarri dizu alboan. Ingurura begiratu eta 'Rock and roll betirako' bordatuta duen euskal txapela ikusten duzu horman. Geroago jakingo duzu tabernaria Bilbokoa dela. "Ahora vengo" bat esan eta tabernaria aurreko disko-dendan sartzen da. Handik minutu gutxira binilozko pare bat diskorekin itzultzen da. Bat eskutan hartu, azkazalarekin plastikozko funda zabaldu eta elepea tokadiskoan jarrri du. "¿Que, estreno?", galdetzen diozu. "Si, acaban de llegar", erantzuna. New Orleanseko musika entzuten da. Eta musika horrekin, zerbezarekin eta Cheetos katilukadarekin pentsatzen duzu: "ederki nago ba hemen".