Ezin ditut jasan etxez etxe ibiltzen diren komertzial horiek. Jehovako lekukoek ez dute halako latarik ematen: ateoa naizela esatea nahikoa da etxera gehiago ez etortzeko. Inkestatzaile ugari ere etorri izan dira, baina gaztetan lan hori egin nuenez, beti erantzuten diet. Behin alkategai bat etorri zen ate joka: elkar ikusi ginenean barre egin genuen, galdetu zidan ea propaganda nahi nuen, ezetz esan nion eta hortxe bukatu zen kontua. Baina komertzialekin oso bestelakoa da. Bizi naizen kalean korbata jantzita eta karpeta bat eskutan daraman norbait ikusten badut, berehala pentsatzen dut: laster izango dut tipo hau etxean. Eta ehuneko handi batean asmatu egiten dut. Edozein ordutan, goizean, bazkalondoan, arratsaldean, iluntzean, hor izaten dira ukatu ezin dudan eskaintzekin:
- Baina, nola ez didazu ba azken faktura erakutsiko? Ezingo dizut eskaintza bat egin!
- Nik ez dizut eskatu inongo eskaintzarik egiteko...
- Ea, jauna, ea ulertzen duzun. Nola ordainduko duzu ba gehiago. Ekar ezazu azken faktura eta nik proposamen bat egingo dizut.
Eta hala kontinuo, ate joka edo telefonoz (telefono finkoko deiak ez ditut hartu ere egiten. Badakit beraiek direla, komertzialak, ukatu ezin dudan eskaintza zoragarri batekin). Gehienetan gizonezko gazteak dira, trajea eta korbatarekin; batzuetan enpresa baten txartelarekin, beste batzuetan hori ere ez.
- Ez dakit Circulo de lectores ezagutzen duzun?
- Bai, nire aita bazkidea zen eta orain nik jarraitzen dut izaten (Agendarako: Circulotik baja eman).
- Beraz, ezagutzen duzu.
- ... bai...
- Ondo, ondo.
Gehienetan oso temati jartzen dira.
- Arratsalde on! Zu al zara XXX XXX?
- Ez.
- Berdin dio. Proposamen batekin nator.
- Begira. Ez dut ezer sinatuko, ez dizut ezer erosiko. Beraz, hobe konbertsazio hau oraintxe bertan uzten badugu. Gainera, lanean ari naiz eta...
- Nola ez duzula ezer sinatuko? Ez dakizu zer eskainiko dizudan.
- Berdin zait zer eskainiko didazun. Esan dizut ez zaidala interesatzen.
- Baina, nola esan dezakezu hori. Sekulako produktuak ditut hemen.
- Aber ulertzen garen. Esan dizut ez dudala ezer erosiko!
- Hori izango da ez duzulako ikusi zer dudan hemen
Eta horrela bost minutu luzez, konturatzen den arte BENETAN ez diodala ezer erosiko.
Bata bestearen atzetik, ofentsiba kontinuo batean, ate joka izaten dira elektrizitate konpainietakoak, telefoniakoak, gas hornitzaileak, Circulokoak, eta abar luze bat. Badirudi batak bestearekin hitz egiten dutela egun berean ez pasatzeko etxe beretik: “Gaur zuek pasa kale horretatik eta bihar gu joango gara”.
Baina halako batean potroak benetan ukitu zizkidaten: pelikula bat ikusten ari nintzela, atezain automatikoaren txirrinak jo zuen. Maldizioka joan nintzen.
- Bai? Zer?
- Del gas.
- Zer?
- Del gas.
- Del gas, ¿QUE?
- ... esto... el, del gas...
- ¿Es publicidad?
- ... sí...
- Pues mira, no te voy a abrir la puerta, y si alguien te abre, ni se te ocurra tocar esta puerta. Agur.
Pelikulara itzuli eta minutu batera ate joka nuen. Biraoka hurbildu nintzen atera. Ireki eta han zegoen gazte bat, nola ez, karpeta eskutan zuela.
- ¡Qué te he dicho! ¡Qué te he dicho! ¿No te he dicho que no toques en esta puerta?
- Esto, ¿aquí no vive?...
- ¡No! Aqui vivo yo y te he dicho claramente que no toques la puerta. Llevo una semana en que han venido comerciales todos los días, y estoy hasta los huevos.
- Yo es la primera vez que vengo...
- Pues chaval, felicidades, te ha tocado.
Eta atea muturren aurrean itxi nion. Hori egin ondoren kontzientzia harra izan al nuen? Azken finean bere lana egiten ari zen langile bat zen, eta bla bla bla. Ba ez, batere ez; lasai asko geratu nintzen purrustadaren ondoren. Denbora luze batean etorritako azken komertziala izan da. Baina, ziur nago gerra ez dela amaitu. Urtaro aldaketarekin batera basapiztiak berriro aterako dira zuloetatik.