Halakoetan parte izan nahi dut

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko mai. 10a, 09:37

Orain gutxi arte ez dut sare sozialik izan. Ez nuen nire gauzak publiko egiteko inongo gogorik eta besteenak jakiteko oraindik gutxiago. Baleikeko kontuetatik sartzen nintzen eta noizean behin zerbait interesgarria aurkitzen banuen ere, lerdokeria gehiegirekin egiten nuen topo nire onerako. Igande goizetako “Jo tio/tia, ze resakaaaaaaaaaaa” mitikoak hor daude. Baina, denak du amaiera bat.

Hasteko, pasa den uda amaieran Komunitateko txoko hau zabaldu nuen eta orain hilabete batzuk Facebookeko kontua, perfila edo dena delakoa zabaltzera behartu ninduten, sare sozialen inguruko jardunaldi batean egon ondoren. Sare sozialetan ez dagoen kazetaria teknofobo bat omen da, zioen hizlariak. Honbre, ez teknofobo, ez teknomaniako. Teknologia ondo dago, baina liburuak, komikiak eta aldizkariak paperan irakurtzea eta musika CD edo biniloetan entzutea gustatzen zait. Sare sozialetan ez nengoen ez teknofoboa nintzelako; sinplementean, ez zitzaidan interesatzen. 

Jardunaldi horren ondoren “zabaldu kontua eta behar bada hor eduki erabili gabe. Baina, ireki”, esan zidaten. Eta hala egin nuen. “Eta orain zer?”, galdetu nion nire buruari. “Behin zabalduta, zerbaitetarako erabili beharko dut”. Lagun eskaera batzuk egin nituen, beste batzuk bueltan etorri zitzaizkidan, eta gustukoak ditudan komikilari eta musikariak jarraitzen hasi nintzen. Baita zenbait argitaletxe eta kontzertu areto ere. Interneteko misterioak medio, Pakistaneko, Brasilgo, Indiako edota Alemaniako jendearen lagun eskaerak jaso nituen, baita ohean nire zain zeuden neska despanpananteen mezuak ere (ez naiz hain txepela azken mezu hauek erantzuteko).

Noizean behin argazkiren bat igotzen dut, baina, onartu behar dut gehiago erabiltzen dudala sarea nire bizioen inguruko informazioa lortzeko, sozializatzeko baino. Hau da, informazioa lortzeko beste erreminta bezala ikusten dut gehienbat.

Baina, noizean behin sorpresak ere jasotzen dira. Atzo, Juventus eta Monakoren arteko partida ikusten ari nintzela, mugikorreko argia dir-dir egiten hasi zen. Laneko zerbait izango zelakoan, hasperen batekin hartu nuen telefonoa. Baina ez, maite, miresten eta jarraitzen dudan rock talde baten Facebookeko mezua zen: Nashville (Estatu Batuak) hirian emango zuten kontzertu labur bat sarearen bidez zuzenean emango zutela ohartarazten zieten beren jarraitzaileei. Telebistaren soinua kendu (Dani Alvesen gola galdu), Facebooken sartu eta txundituta egon nintzen, ez musikarekin bakarrik (kristorena izan zen!), baina baita teknologiak eskaini dezakeenarekin ere. Eta pentsatu nuen, horrelakoetarako bai, halakoetan parte izan nahi dut. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide