Kzguneako uztaileko ikastaroen albistea sartzen ari nintzen webgunean eta hura janzteko irudirik ez nuenez (azkenean ikastaroen taula jarri dut), Internetera joan naiz Forondako irudi baten bila, Google mapsera hain zuzen ere, eta, han, sateliteko irudietara. Askok jakingo duzuen bezala, behin sateliteko irudia hurreratzen joan ahala, Street viewko irudia bihurtzen da, hau da, kaleetan zehar doazen Googleeko kotxeek lortzen dituztenetara.
Kurtsorea Forondaren gainean jarri eta zoomari eman diot kale mailako ikuspuntura heldu arte. Foronda pantailaren erdian agertu eta berehala zerbait arraroa sumatu dut.
Zerbait falta zen. Ikurrina hain zuzen ere. Banderak egon behar duen lekuan borroi bat agertzen da. Hemen da irudia hurrerago.
Harritu egin naiz. Akaso halako ikurrak galazita ditu Googlee, galdetu diot nire buruari. Proba bat egitearren, Madrilgo Colon pasealekura joan naiz satelite bidez eta, bai, han dago Ansarrek jarritako superbandera española.
Agian ikurrina egongo da zentsuratuta?, pentsatu dut guztiz konspiranoiko bihurtuta. Beste proba bat egin dut eta Bilbora joan naiz salto batean, Sabin Etxera. Eta han non azaltzen zaigun ikurrina eta ondoan Urkullu eskerrak ematen.
Badirudi Googleek ez duela ikurrina zentsuratu nahi izan... Zumaiara bueltatu naiz eta Forondaren beste ikuspuntu baten bila hasi naiz eta... aibadios!, han non agertzen den ikurrina Forondako dorrearen gainean. Zuloagako jardinetatik...
Moilatik...
Motzaren gasolindegitik...
Baina Forondako kanpoaldetik ez. Borratuta agertzen da...
Beraz, zer zegoen argazkia atera zuten egunean Forondako dorrean? Edo, hobe esanda: zer agertzen zen argazki horretan? OVNI bat? Galdera hori inork erantzungo ote du? Misterioaren ontzia abiatzera doa.