Ondoren etorriko ziren granhermano guztien aitzindaritzat jo daiteke pelikula hau. Hori telebistari dagokionez, ze bizitza errealean auskalo zer bigilantzia mota dugun gainean eta Interneten egiten ditugun mugimendu ziztrinenak ere noraino heltzen diren.
Ez dut esango granhermanoren bat zelatan dudanik (portzierto, Orwellek 1984 eleberria idatzi zuenean eta Big Brotherren figura sortu zuenean, gustukoa izango al zuen mende erdi bat geroago telebista saio txatxu baten izena bihurtu izana?), baina bai noizean behin Truman bat izatearen susmoa dudala.
Badira hilabeteak (eta hau ez da asmatu dudan zerbait) kaleko bizilagun batzuekin eguneko edozein ordutan topo egiten dudala, ez gure kalean bakarrik, baita herriko beste toki batzuetan ere. Normala dela esango duzue. Ados. Goizeko 7:13an okindegira joateko etxetik irten, atariko atea zabaldu eta bizilagun hauekin topo egitea normala izan daiteke. Ados. Egun horretan bertan, 11:17an, balkoira atera eta etxe aurrean aparkatuta dagoen kotxe batetik bizilagun hori justu momentu horretan ateratzea ere normala izan daiteke. Ados. Edo arratsalde batean, demagun, 18:34ean, Parolaldera joan paseatzera eta, berriro ere, bizilagun horiekin topo egitea ere normala izan daiteke. Bale, jende asko joaten da hara paseatzera. Ados, normala izan daiteke.
Baina goizean goizeko hori behin eta berriro errepikatzen denean? Okindegira joan behar eta 7:05ean, 7:23an, 7:36an etxetik irten eta beraiek ere justu ordu horretan ateratzea? Edo goizeko edozein ordutan kalera irten eta bizilagun horiexekin etxe aurrean topo egitea? Edo bazkalondoren hondakinak balkoiko edukiontzira botatzera irten eta justu orduantxe bizilagun hori etxe aurretik pasatzea?
Kasualitate hauetatik azkenekoa atzo bertan gertatu zitzaidan: pasa den astean kalera irten eta bizilagun hauekin topo egin nuen (nola ez). Maletak eskutan zituztela opor egun batzuk pasatzera zihoazen. Atzo arratsaldean, 16:17an, etxetik atera nintzen aldizkarirako elkarrizketa bat egin behar genuelako eta, bai, justu momentu horretantxe, justu 16:17an, bizilagunak maletekin bueltan ziren opor egunetatik. Atariko atea ireki eta ikusi nituenean birao bat atera zitzaidan: “Kauendio! Ez da posible!” (Ruperrek “ezin liteke” gehituko luke).
Berriro diot: hau ez da asmatu dudan zerbait.
Pelikulan Truman bizitza errealaren berri jakiten hasten denean bezala sentitzen hasi nintzen. Paranoikoa. Hain tontoa ez naiz eta badakit hau guztia kasualitatea dela, baina... hainbeste kasualitate egon al daiteke?