Omendu hauei elkarrizketa egitea eskatzen zuen Franek, hau da, korrikalari ohi hauen batallitak entzun eta egunkarira/webgunera eramatea. Garai hartan non eta nola entrenatzen zuten, zer estadioetan lehiatu zuten eta abar luze bat kontatzen ziguten. Hor ikusten nuen zer nolako desberdintasuna zegoen orduko eta oraingo kirolaren artean. Zer nolako esfortzua egin behar izaten zuten pertsona hauek kirola egiteko eta nola, oraindik oso gazte zirela, kirola utzi behar izaten zuten soldaduskara joateko edo bizimodua aurkitzeko.
Orain Zakila Bira lasterketa kendu dute eta ez dute esan zergatik hartu duten erabaki hori. Azken urteotan partaidetza aldetik gainbehera izan dela diote. Ez da ba izango egutegia kirol jarduerez beteta dagoela? Herri bakoitzak bere lasterketa, zeharkaldia, irteera antolatzen duela? Hainbeste probetarako jenderik ez dagoela? Kirolprobaken webgunean sartu naiz eta egun horretarako, irailaren 30erako, bederatzi proba daude aurreikusita eta Herrikrosarenean beste bi. Hori Euskal Herrian bakarrik.
Haren ordez Euskal Kosta Krosa izeneko lasterketa berri bat antolatu dute eskualdeko udalerriek. Kostako errepideak duen ustezko xarma batez baliatu dira lasterketa berri hau antolatzeko. Ostegunean egin zen aurkezpen ekitaldian izan nintzen eta, hasteko, bazen harritu ninduen zerbait: kirol proba bat izanda, Foru Aldunditik etorritako ordezkariak ez zuen kirolarekin loturarik; turismo zuzendaria etorri zen. Ez hori bakarrik. Lasterketa berri baten aurkezpena izanda, hitz egin zuten ordezkari politikoek (bost lagunek) oso gutxi hitz egin zuten karrera berari buruz; turismoaz eta horrek ekar dezakeen ekarpen ekonomikoaz hitz egin zuten hein handi batean. Kanpotik etorriko direnak eskualdeko nekazalturismoetan egongo direla, herri bakoitzeko eskaintzarekin lotutako pakete turistikoak eskainiko zaizkiela, etab. Gutxi hitz egin zen kirolaz.
Zarauzko alkateordearen hitzek oraindik eta gehiago konfirmatu zituzten nire susmoak: “Kirolarekin lotutako turismoa bultzatu nahi dugu eta lasterketa honek hori bideratzen du”. Kirola egin dezagun, osasungarria da eta, baina, adi, ea parte-hartzaileak kanpotik etortzen diren eta horrela hemengo eskaintza turistikoa salduko diegu. Inpresio hori atera nuen. Turismo hitza behin eta berriz. Turismoa diru iturria da, hala da. Baina gauza bat da dugun eskaintza turismorako egokitzea, beti neurriarekin, eta bestea prestatzen den (ia) guztia turistentzat espresuki sortutakoa izatea. Eta kros berri honek horren itxura du.
Oier Aranzabalek Zuzeun argitaratutako Zarautz, ostalariak eta ‘Los 40 summer live’ artikulua ekarri dit burura. Igande honetan Zarautzen egingo den 40 principalesen kontzertuaren harira, zera dio: “Zarauzko Udalak kultur politikak, kultur eragile eta sortzaileentzat baino, ostalarientzat diseinatzen ditu”. Karrera berri honekin ez dakit antzeko zerbait ez den gertatzen, hau da, kros berri bat sortu dutela kanpotik etorriko direnetan pentsatuta. Hala egin nahi badute, bejondeiela, beraien erabakia da. Baina, 20 urtetik gorako karrera bat, Zakila Bira, bertan behera utzi behar al zuten horretarako? Agian xarmarik ez zuen izango.