R.E.M.-en Document diskoarekin pasa zait, eta, biniloan berriro atera zutenean, ustez soinu kalitate hobeagoarekin, berriro erosteko tentazioa izan nuen. Hori, gainera, ez dela gehien gustatzen zaidan diskoa; R.E.M.-ek hori baino dezente hobeagoak baditu. Zorionez, noizean behin burmuinaren eskuinaldeak edo ezkerraldeak ‘Kieto!’ bat oihukatzen du eta tentazioari eusteko gai izaten naiz.
Birritan erosi dudan diskoetakoa da, baita ere, In rock; hau bitan ‘bakarrik’ erosi dut, biak ere biniloan. Baina honek badu arrazoi logikoa. Edo ez, auskalo.
In rock The Minus 5 taldearen diskoa da, 2004. urtekoa. Aurrez ere esan izan dut Scott McCaughey musikari estatubatuarraren jarraitzailea naizela. Minus 5 bere taldeetako bat da. Diskoa Bilbon erosi nuen orain hiruzpalau urte. Ez dakit zertara joan nintzen Bilbora, baina gogoan dut zer disko dendatan erosi nuen. Dendatik irten, taberna batean sartu, zerbeza bat eskatu eta han heldu zen Julyren mezua.
- Oraindik Bilbon al zaude? Posible baduzu Power Recordsera joan eta ea The Minus 5 taldearen diskorik aurkitzen duzun.
Berehala erantzun nion.
- Imposibol. Oraintxe atera naiz dendatik eta, bai, bazegoen taldearen disko bat, bakarra, baina, niretzako erosi dut.
Eta han hasi zen Julyren ‘acoso y derribo’-ko fasea. Urtebete egon zen behin eta berriro diskoa saltzeko eskatzen, Interneten garesti zegoela eta. Behin eta berriro. Nik ezetz, ez niola salduko. Eta segi, eta segi, eta segi. Azkenean tratu bat proposatu nion: Nik hau emango dizut beste baten ordez. Ez zuen tratua gogoko, nik nahi nuen disko hura hemen ez zegoela argitaratuta, ez zela hain erraza aurkitzea, etab. Mila aitzakia trukea ez egiteko. Egoskorren txapelketa oraingoan nik irabazi nuen, ordea, eta eskuz aldatu genituen diskoak.
Ez dakit In rock hau disfrutatzeko denborarik izan zuen edo, bildumazale askori gertatzen zaien/zaigun bezala, taldearen beste diskoekin batera artxibatuko ote zuen ia entzun gabe. Nork daki. Asteazkenean beteko da urtebete July hil zela eta pentsatzen dut han izango dela disko hau, beste milakaren artean, bilduma txundigarri hartan.
Abuztuaren amaieran berriro erosi nuen In rock, Internet bidez, Alemaniatik. Tokadiskoan jarri eta ohartu nintzen zer ona den diskoa, eta zer ona den taldea.
Pasa den astean jakin nuen taldeko buru Scott McCaugheyk iktus bat izan duela, ospitalean dagoela eta, beste hainbat gauzen artean, berriro hitz egiten ikasi beharko duela. Auskalo zenbat denboran ez dugun agertoki batean ikusiko edo bere disko berririk izango. Eta hor ikusten duzu zer kabroia den bizitza askotan.