Eta Beyoncé diodan bezala, George Clooney, Albert Rivera, ekintzaileon gurua, edo Amaia Montero diot. Merkatua zabala da eta, teknologia horren bidez, aukera anitza izango genuke norberaren gogoko klona izateko.
Pentsa, Beyoncé 2.0-ren mila unitateko lehen tirada bat egingo nuke eta Amazon bezalako saltoki unibertsal batean jarriko nuke salgai. Ez oso merke, noski. Baina, beti etorkizunari begira dagoen ekintzailea naizenez, modelo basikoa bakarrik jarriko nuke salgai. Gero, hobekuntzak nahi izanez gero, eguneratzeko aukera izango litzateke, Apple-en High Sierrarekin gertatzen den bezala: ordenagailuan orain hamar egun instalatu nuenetik, dagoeneko bi aldiz eguneratu dut.
Kasu honetan eguneratzeak ordainpekoak izango lirateke, noski, bestela ez nintzateke ekintzaile ona izango. Beyoncé abeslaria nahi duela bezeroak? Klonak kantatzeko moduko abestiak banan-bana edo disko osoan jaisteko aukera izango luke, beti ere, onartutako saltokietatik. Beyoncé dantzaria nahi duela? Funtzio hori ere erosteko aukera legoke. Hori bai, beste gauza horiek nahiko balitu, bai, beste horiek, badakizue zein, jejeje, horiek Amazonetik kanpo salduko lirateke, beste denda mota batzuetan. Kasualitatez halako bat irekitzeko asmoa ere badut. Ez nau ezerk frenatzen!
Loteak erosteko aukera ere jarriko nuke, bi edo klon gehiago erosita, deskontuarekin. Izan daiteke eta, egunen batean, Goikon edo Trapaian musera jokatu nahi izatea. Eta halako batean ez zara Beyoncérekin joango; Clooney bat hobeto kartetan jokatzeko, ezta? Gizonen kontua da musa! Ba horixe, ekintzaileok aukera guztiak aztertu behar ditugu.
Lehengoan ikusi nuen Mankomunitateak diru-laguntza batzuk kudeatuko dituela ekintzaileentzat. Banoa deitzera. Ez dute, inolaz ere, halako aukera bat galduko.