Euskal zinemazaleak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mar. 4a, 12:07

Euskarazko beste pelikula bat estreinatu berri da, Paul Urkijoren Errementari, eta aurrekoetan gertatu izan den bezala, tropelean joandako euskal zinemazaleak hasi zaizkigu aretorik atera eta berehala laudorioak botatzen.

Handiatik hona ikusi duten pelikula onena izango da hauetako askorentzat. Izan ere, Handiatik hona ez zuten beste pelikularik ikusiko. Beno, bai, agian ETBn errepikatutako euskarazko beste pelikularen batekin gozatuko zuten tartean, lehen eta bigarren aldiz ikusi zutenean bezala (Sukalde kontuak komedia ‘sofistikatua’ gustatu zitzaien bakarrak izango ziren). Zer, gure euskal zinemazale asko oso esklusiboak dira: euskarazko pelikulak bakarrik ikusten dituzte, eta ikusi eta berehala txiokatzen dute beraien poza. Dramak, dokumentalak, komediak, zine fantastikoa... dena gustatzen zaie, beti ere euskaraz bada. Spielberg? Del Toro? Ixo, ixo, nola konpara dezakezu Hollywoodeko zabor komertzial hori hemen egindako altxor autoktonoekin! Akaso, Spielbergek euskarazko pelikularen bat egiten badu, agian, orduan joango dira aretora, orduan bai, maisu lana izango delako.

Ez gaizki ulertu, beste edozein bezainbat pozten naiz euskarazko pelikulak egiten direlako; aurrerapauso ikaragarria eman du euskal zinemagintzak urte gutxian. Baina, are gehiago pozten naiz pelikula hauek sekulako kalitatea dutelako. Bertako zuzendariek, aktoreek, teknikariek, maila galanta dutela erakutsi dute behin baino gehiagotan. Urte berri on, amona!, Loreak, Handia ez hainbeste, Bi txirula... zine aretotan gozatu ditudan pelikulak izan dira. Txunditu naute, barrea eragin didate eta beldurra ere pasa dut. Errementari ikusteko gogoa ere badut, ez horren zalantzarik izan.

Baina, eta hau nire buruari egiten diodan galdera da: euskal zinemazale hauetako askok beste pelikularik ikusi ote dute 2017ko urriaren 10ean Handia estreinatu zenetik, asteburu honetan Errementari aretoetan erakutsi duten arteko bost hilabete hauetan? Gaur saritzen dituzten Oscarretarako hautagaiak diren pelikularik ikusi ote dute? Edo, euskal zinemazaleak baino, euskarazko pelikulen zaleak dira? Edo, laburbilduz, euskararen zaleak izanda, beraien zaletasunak euskarazko literaturara, euskarazko musikara, euskarazko zinemara eta, kanpoaldera bidaiatzean, euskal jatetxeetara eta euskal txuletetara mugatzen dituzte. Erabat errespetagarria, baina a zer aspertua.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide