Ez, ez, pozik nago, ia txoratzeraino, Zubitxikian zegoen gauza hori kendu dutelako. Olagarroa omen zen, baina karakola bat zirudien batzuen ustetan, eta estralurtarrei egindako omenaldia beste batzuentzat. Beno, ez, azken iritzi hori nirea zen. Auskalo zer irudikatu nahi zuen egurrezko irudi hark, baina, itsusia bazen behintzat!
Komunitatean nire txokoa sortu eta gutxira idatzi nuen honako hau. Ederrak iruditzen zitzaizkidan gauzez hitz egiten nuen, baita zatarrez ere, eta txingote hori baino gauza itsusiagorik ikusi gabe nengoela nioen. Ia bi urte ondoren iritzi berekoa naiz.
WhatsAppeko mezu baten bidez eman zidaten atzo albiste onaren berri, goiza esnatu eta gutxira. Hasieran ez nintzen ohartu olag... beno, gauza hori falta zela. Pentsatzen nuen Bizikleta egunaren aitzakian Zubitxikian jarri dituzten bizikleten inguruko argazkia zela. Baina ez, bizikletak hor zeuden, falta zena zen garrantzitsua: bitxoa! Agian angelu okerretik ateratako argazkia izango zen? Edo argiaren efektua? Badaezpada ere han joan nintzen nire begiekin ikustera. Errepidea zeharkatu, belar gainetik joan, eta ez, ez zegoen azken bi urte hauetan egon den lekuan.
Begiak umeldu zitzaizkidan emozioarekin. Gero jakin nuen asteartean kendu zutela bere kokalekutik, Rajoyk dimisioa aurkeztu zuen egun berean. Aiii, onenak joaten dira... eta ez naiz olag... edo gauza horretaz ari. Hori bai, espero dut inork ez duela elkarretaratzea edo manifestazioa deituko gure olagarroa itzultzeko eskatzen...