“Aizu!”, esan zidan gizonezko hark. Harrituta geratu nintzen; ezezaguna zen, edo, behintzat, ez nuen bere aurpegia gogoratzen. Segundo eskas horretan bi gauza pentsatu nituen: “Zein da tipo hau? Zer egin ote dut orain...”. Kanpotar bat zen, edadetua eta, dirudienez, Zumaiara egun pasa etorri zen. Auskalo zergatik, baina beste guztien artean niri hasi zitzaidan galdezka.
- “Hau zer da, itsasadarra?”, galdetu zidan behatzarekin Narrondo ibaia seinalatzen zuela. Argitu nion hura ibaia zela, eta Zumaian bi ibaia itsasoratzen direla. Une horretan itsasgora zela eta han zegoen ura itsasokoa zela.
- “Beraz, hau ur gazia da?”, jarraitu zuen galdetzen. Ibaien eta itsasadarraren inguruan hitz egiten hasi ginen. Urola ibaiaren berri bazuen (“Hori Azkoititik pasatzen dena da, ezta?"). Ondoren herriko ekonomiari buruz hasi zitzaidan galdezka.
- Eta zein da zuen diru iturria? Hain da herri polita, baina zuek nondik bizi zarete?
Eta herriko ekonomiari buruz hitz egiten jarri ginen. Ontziola bat dagoela, industriaguneak, eta turismoak indarra hartu badu ere, oraindik industriek herriko ekonomian garrantzia handia dutela. Interesarekin entzuten zuen gizonezkoak. Pare bat aldiz esan zidan urte askotan bizi izan zela Afrikan eta orain gutxi itzuli zela. Nora, ez dakit.
- Hondartzan egon naiz. It... Itz... Itzurun? Hala deitzen diozue? Zer ederra den! Ingeles batzuk ere han zeuden argazkiak ateratzen, eta ni ere harrituta geratu naiz bere edertasunarekin.
Inguruneak duen garrantzia geologikoaz hitz egiten hasi nintzen, eta horren berri, agian, turismo bulegoan emango ziotela esan nion.
- Turismo bulegoa hurbil al dago? Autobusa hartu behar dut laster. Zuk uste denbora emango didala hara joateko?
Baietz esan nionean, eskua eman zidan eta han joan zen informazio gehiagoren bila. Bere bizkarrari begira geratu nintzen, pixka bat txundituta. Ohituta zer nolako turistak ditugun (oye, ¿la iglesia de la película dónde está? ¿Y la fuente?), bitxia egin zitzaidan bere jokaera, kalean doan ezezagun bat geratu eta informazio eske hastea. Buelta eman eta etxerako bidea hartu nuen berriro, ohikoa dudan bezala, nire munduan galduta.