Ea zeinek geratzen dituen!

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko abe. 21a, 20:00

Ez da sarritan halakorik gertatzen. Puri-purian dagoen, eta festibaletan jendetza baten aurrean jotzen duen talde bat, bere sorrerara bueltatzea, une batez bada ere.

Belako talde bizkaitarrak munduko leku desberdinak ukitu ditu azken urte honetan Render me numb, trivial violence diskoari esker. Bira hau bere jaioterrian amaituko dute, Mungian, abenduaren 28an. Aurretik, baina, areto txikitan jo nahi izan dute berriro, eta azken txanpa honetan Zarauzko Putzuzulo gaztetxean jo zuten atzo.

Hau idazten duenak ez daki sarrerak ea agortu ziren, baina aretoa ia leporaino zegoela bai. Bertaratu zirenek lehen doinuetatik erantzun zieten mungiarren eskaintza infekziosoari. Izango ziren kuriositateagatik hurreratuko zirenak, baina gehiengo handi batek ziur sarritan entzun dituela bere diskoak, eta toki txiki batean taldea ikusteko aukera ez zuten galdu nahi izan. Zer da Belakok jotzen duena? Rocka ote? Post punka? Ostegunean, lekuagatik edo, bere alde punkia indartu zuten, eta une batzuetan zaila ez, ia ezinezkoa izan zen saltoka eta burua astintzen ez hastea. Egun on bat dutenean ez dago laukote hau geratzerik.

Eta hori arazo teknikoei aurre egin behar izan zietela. Hasi eta berehala, taldearen lehen garaiko Haunted house ezaguna jotzen ari zirela, mikrofonoek funtzionatzeari utzi zioten. Arazoak konponduta, abesti puska bat bestearen atzetik erori ziren agertokitik. Beroa areagotu zen aretoan, baita saltoak, bultzadak eta lehen ilaretako pogo saiakerak. Baxuaren pieza bat apurtzeak ere ez zuen erasoa baretu (“Gaur, kasualitatez, beste baxu bat ekarri dut”, aipatu zuen Lore Billelabeitia baxu-jotzaileak”). Eta han jarraitu zuen eztandak. 

Taldeak ez zituen aldarrikapenak ahaztu nahi izan, eta atzoko kontzertua indarkeria matxistak eraildako emakumeei eskaini zieten Lorek eta Cris Lizarraga abeslariak. Matxistak aretoan ongietorriak ez zirela ere adierazi zuten entzuleen txalo artean.

Amaierako txanpa txapela kentzekoa ez, txapela pikutara bidaltzeko modukoa izan zen. Lungs abestia monumentu bat da, eta Zaldi baltzak dantza eroa eragin zuen lehen ilaratan. Sea of confusion eta Over the edge abestiekin amaitu zuten kontzertua. Ez zen bisetarako txandarik izan, ez eta beharrik ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide