Denborarekin zaletasuna zimeltzen joan zait. Lantokiz aldatu nuen eta ez nuen lehen bezainbateko denbora Donostiara joateko. Baina horrek baino gehiago, azken urteotan zinean sumatu dudan umekeriak bota nau atzera. Izan ere, superheroien pelikulez eta komedia txepel frantziarrez aparte (zer kalte egin duen Intocable hark), ezer gutxi ikusten dut funtsezkoa karteldegian. Donostiara joateko, behintzat.
Ez naiz superheroien pelikulen zalea. Batmanen pelikulak gustatzen zaizkit, baina, aizue, Batman ez da superheroia, mendekatzailea baizik; frikien akademiako lehen urtean erakusten dute hori. Ez Thor, ez Spiderman, ez Superman… horiek guztiak pelikula berean nahasten dituzten mazedonia koloretsu eta zalapartatsuak ez ditut gogoko. Baina horrelako pelikulekin zapaltzen gaituzte uneoro. Avengers: War of the Universe edo antzeko zerbait ez denean, Spidermanen beste reboot bat dugu. Benetan, nerabe bat ez den inork jasan al dezake Peter Parkerren eta Mary Janeren beste erromantze edulkoratu bat?
Hala ere, nire mania partikularren panteoian Star Wars dago. Ez naiz izan saga horren jarraitzailea. Lehen pelikula 1977koa da, baina nik bi hamarkada geroago ikusi nuen Zarauzko Eroskin erositako VHS batean. Hurrengo biak ere ikusi nituen, eta, halako fama izanda, hotz samar utzi ninduten. Bigarren trilogiak aspeeeeertu egin ninduen, eta saga berpiztu omen zuen orain bizpahiru urteko lerdokeria hark aspertu ez, nazkatu egin ninduen. Gogoan dut lagun batek esan zidala sekulakoa zela eta igartzen zela gidoilariaren lana. Bai, eta ni Albert Riveraren fana naiz! Hura izan zen ikusi nuen azkena. Hala ere, ez dago fenomenotik libratzerik: sagako beste kapitulu bat estreinatzen duten bakoitzean hedabideak kolonizatzen dituzte. Ai, Disneyren txeke horiek...
Orain urtebete inguru galdera hau luzatu zuten The Guardian egunkari britainiarrean: “Imajina al dezakezu zure bizitza Star Wars gabe?” Ez nuen asko pentsatu behar izan: bai.