Komikiak ez dira frikien kontua bakarrik

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko uzt. 1a, 10:51

Txikia nintzela komiki asko irakurtzen nituen. Gogoan ditut etxean zeuden Asterix eta Obelixen edota Mortadelo eta Filemonen komikiak. Nahikoa erabiliak bezala gogoratzen ditut, eta, jakinda liburuak, diskoak eta komikiak zaintzearekin zer obsesiboa izan naitekeen, pentsatu nahi dut anai-arrebenak izango zirela. Agian ez, agian nireak izango ziren, eta hainbestetan irakurri nituen, zizko eginda geratu ziren.

Nerabezarora heltzean, alde batera utzi nituen komikiak, Agatha Christieren edo Jules Verneren liburuekin egin nuen bezala, eta LITERATURA (hizki larritan) irakurtzen hasi nintzen, nahiz eta, sarritan, ezer ulertzen ez nuen, edo, behintzat, idazleak erabiltzen zituen metaforak edo dena delakoak albotik pasatzen zitzaizkidan ni ohartu gabe. Norbait engainatu nahiko nuen sasijakintsu itxurak hartuta (eta hori artean ere betaurrekorik erabili gabe).

Baina, nola diren gauzak, heldutasunera heltzean (adin aldetik, ez bestela), berriro komikiak irakurtzen hasi naiz. Desertuko zeharkaldiko urteetan erosi izan dut komikiren bat edo beste: Pulitzer saria irabazi zuen Art Spiegelmanen Maus, Batmanen batzuk (nahiz eta superheroien komikiak ez ditudan gogoko) eta besteren bat. 2008. urtean, baina, dena aldatu zen. Urte hori Paco Rocaren Zimurraken eta Miguel Gallardoren Maria eta bioken urtea izan zen. Lehenak Alzheimerdun edadetuen istorio bat kontatzen du; bigarrenak, berriz, autoreak alaba autistarekin duen harremana. Handik pixka batera, Frederik Peeters suitzarraren Pilula urdinak eskuratu nuen. Komiki hori, aurreko biak bezala, autobiografikoa da eta autorearen eta GIB (giza immunoeskasiaren birusa) duen emaztearen arteko historia kontatzen du.

Askok komikiak superheroiekin eta frikiekin lotuko dituzte, baina hiru adibide horiek garbi erakusten dute abentura horietatik kanpo badagoela mundu zabala, eta marrazkien eta bokadiloen bidez konta daitezkela. Joe Saccok kazetaritza konprometituko lanak egin ditu Palestina edota Gorazde komikietan, David Rubinek eta Marcos Priorrek pikutara doan estatu baten argazkia erakutsi dute Gran Hotel Abismo distopikoan (Espainiaren erretratu hoberik ba ote?), eta, beste adibide bat behar bada, pasa den maiatzean Zubigileak komikia argitaratu zuen Alfonso Zapico asturiarrak, Fermin Muguruzak eta Eduardo Madinak Jot Down aldizkarirako egindako elkarrizketa album bihurtuta. Berez ez dirudi komiki baterako materiala, baina, aizu!, ez al dugu esan denetik konta daitekeela marrazkien bidez?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide