Maria Arnal i Marcel Bagesen Tu que vienes a rondarmegatik esan nezakeen hori, baina udatik hona Teenage Fanclub talde eskoziarraren diskoekin gertatzen zait. Ez dut esango bizitza aldatu didatenik, ez naiz hain mozoloa, baina badute disko edo kanta bat berezia bihurtzen duten zerbait hori. Edo, nik behintzat, pop disko on batean aurkitu nahi izaten dudana: burrunda eta melodia. Glasgowkoek hiru B handien (Beatles, Beach Boys eta Big Star) melodiak eta Neil Youngen koda gitarreroak uztartzen dituzte. Zer gehiago eska dezaket?
Ez dira gaur egungoak; hiru hamarkada luzeko esperientzia dute jada. Hasiera hartan beraien fana nintzela esan dezaket. Taldearen lehenengo diskoak erosi nituen eta baita behin eta berriro entzun ere. Eta gordeta ditudan garai hartako kontzertuen sarrerak arakatuta, ikusten dut hirutan ikusi nituela zuzenean: Nirvanaren telonero bezala Bilbon jo zutenekoa dut gogoan; kontzertuko izarrak baino dezente hobeagoak izan ziren. Auskalo zergatik, baina ordutik aurrera taldearekiko nuen interesa desagertu egin zen. Agian modan egoteari utzi zioten? Ez dakit.
Fanniek (hala deitzen diete bere zaleek) 1990eko hamarkadan Creation diskoetxean atera zituzten bost diskoak berrargitaratu dituzte uda honetan. Amu bezala, disko bakoitza bi kantako single banarekin dator. Visako zenbakia sartu eta bi eguneko epean etxean nituen. Era kronologikoan jarri nituen tokadiskoan: Bandwagonesque lehenbizi (zoragarria), Thirteen ondoren (gogoan nuena baino dezente hobea), eta garai hartan ia entzun ez nuen Grand Prix jarraian. Bosgarren kantarekin (Neil Jung) ia malkoak atera zitzaizkidan. Sofatik jaiki eta orratza berriro abestiaren hasieran jarri nuen. Eta burutazio bat izan nuen: zertan pentsatzen ariko ote zen hogei eta gutxi urteko astakirten hura disko/talde honi kasurik ez egiteko?