Zoriontsuak izan ote ziren?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko urt. 28a, 16:54

Bigarren eskuko liburu eta disko azokak antolatu genituen orain urte batzuk, Oxford aretoan. Etxeko armarioetan, tiraderatan edota ganbaratan gordetako trasteei irteera eman, eta, bide batez, lortutako diruarekin gobernuz kanpoko erakunderen batek bultzatako proiekturen bat laguntzea zuten helburu azoka haiek.

Makina bat liburu eta disko eraman nituen azoka haietara... eta baita beste hainbeste etxera ekarri ere. Helburuen artean etxea trasteez hustutzea bazegoen, nirekin ez zuen arrakasta handirik izan.

Jendeak kaxatan edo poltsatan eramaten zituzten liburuak, diskoak, komikiak, National Geographiceko bildumak, entziklopediak, edota, inkluso, 1980eko hamarkadako bideo joko makinak ere. Poltsa horietako batean aurkitu nuen argazki hau. Polita iruditu zitzaidan eta, erositako liburuekin batera, etxera ekarri nuen. Gelako estanteria batean jarri nuen. Estanteria horretako edukia aldatu da ordutik ­–liburuak desagertu dira, eta haien ordez komiki mordoa dago orain–, baina argazkiak hor jarraitu du urte hauetan guztietan.

Pasa den astean, Paco Rocaren azken komikiari lekua egiten saiatzen ari nintzela (ez nuen lortu), argazkian fijatu nintzen berriz. Ezkontza bateko estudioko argazkia da. Senarra aulki batean eserita dago, eta oinak kojin baten gainean ditu. Emaztea bere atzean dago. Eskuan lore sorta bat du, eta buruan ezkontza belo zuri luze bat darama. Eta pentsatzen jarri nintzen: zein ote dira bi pertsona hauek? Zumaiarrak ote dira? Zer garaikoa da argazkia? Zein zen argazkilaria? Zoriontsuak izan ote ziren? Galderak bai, erantzunik ez... oraingoz.

Inork beraien berri badu aldizkaria@baleike.eus helbidera idatzi dezake. Eta, noski, beraien familiartekoren batek argazkia itzultzea nahi badu, helbide horretara idaztea besterik ez du behar.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide