Ez naiz hasiko nire ideia politikoez hitz egiten, inori ez zaizkio eta inporta. Hori bai, argi eta garbi esan dezaket gaur Madrilen manifestatuko diren horiekin zer ikusi minimorik ez dudala. Garbi utzi dezagun: nazka ematen didate, eta sortzen ari den giroak beldurra ematen dit. Hau okerrera doa eta ez dakit inor prest dagoen honi frenoa jartzeko.
Hala ere, sare sozialetako algoritmoak nik ez dakidan zerbait jakingo du, Espainiako eskuin muturrarekin lotutako edukia proposatzen jarraitzen dit eta. Egia da Espainiako prentsa kontserbadorea irakurtzen dudala, ezkerrekoa irakurtzen dudan bezalaxe. Denetik irakurri beharko genuke jakiteko “besteek” zer pentsatzen dute. Baina hortik beste eduki mota hau proposatzera mundu bat dago.
Hasteko, orain hilabete batzuk, Albert Riveraren liburu bat gomendatu zidan. Iragarkia berriro ez agertzeko eskatu nuen eta, aizu, bete dute. Handik denbora batera Fundación Nacional Francisco Francoren Facebookeko orria interesgarria irudituko zitzaidala pentsatu zuen norbaitek. Larunbat arratsalde bat pasa nuen nire ingeles traketsarekin Facebookeko norbaitekin (makina batekin) diskutitzen horren inguruan. Bizpahiru zerbeza hartu izanak lagundu zuen.
Gaur goizean Instagramen sartu naiz, eta Bookingeko iragarkia agertu zait. Zerbitzu hau erabiltzen dut kanpora noanean pentsioren edo hotelen bat hartzeko. Beraz, ez nau harritu iragarkia agertzeak. Bai, baina, aukeratu duten irudiak: Valle de los Caidosen argazkia zuen espresuki prestatutako iragarkiak. Eta asaldatu nau. Zer daki algoritmoak nik ez dakidana? Akaso beste pertsonalitate bat dut eta, orain hau idazten ari den hau lotara joaten denean, esnatu eta orrialde fatxak bisitatzen ditu? Eta, hala bada, inoiz ezagutuko ote dut... bi masaileko emateko?