Hilezkorrak ere badoaz

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko mai. 31a, 12:00

2016ko urtarrilaren 10a beste edozein egun bezala hasi zen. Makarrak kendu gabe kafea eta tostadak prestatu nituen, eta ordenagailu aurrean eseri nintzen prentsa irakurtzeko. Ordena jakin batean irakurtzen ditut egunkari digitalak, bai bertakoak, baita kanpokoak ere. Lehena irakurri edo errepasatu nuen, eta bigarrena zabaltzean han zegoen albistea: “David Bowie hil da”. Zur eta lur geratu nintzen, aurreko egunkariak ez zuelako gertaera horren berririk ematen. Inuzente eguna izango ote zen nonbait? Zuzenean The Guardian egunkari ingelesera jo nuen, eta, bai, han zegoen albistea, handi-handian.

Egonezina sentitu nuen, ezin nuen sinetsi hil zenik, ezin zen halakorik gertatu. Egun osoan egon nintzen ordenagailu aurrean Bowieren inguruko albisteak irakurtzen (lan ere egingo ote nuen?). Eta bazegoen, bai, ulertu ezin nuen beste zerbait ere: heriotza horren aurrean nik neuk izandako erreakzioa. Betidanik gustatu izan zait haren musika –gure anaiak etxean zituen diskoak entzuten nituen nerabezaroan–, haren genioa aitortzen dut, baina ez naiz inoiz haren fan sutsua izan. Zergatik, orduan, halako egonezina eta malkoak? Hilezkorra zirudielako? Ez al gara hor ia fede kontuetan sartzen? Hiru urte igaro dira eta oraindik ez naiz gai egun horretan izan nuen jarrera arrazionalizatzeko.   

Behin edo behin hitz egin dut koinatuarekin gai honi buruz, Kepa Aizpuruak martxoko iritzi artikuluan zioen bezala, zerbeza arraro batzuei tragoxkak ematen: 1960ko hamarkadatik hona musika (eta zinea, gaineratzen dut nik) aldatu zuten pertsona hauek guztiak hiltzen ikusiko ditugula, eta ez hemendik hamarkada batzuetara, urte gutxi batzuk barru, baizik: Bob Dylanek ia 80 urte ditu, eta Mick Jaggerrek, Keith Richardsek, Paul McCartneyk, Joni Mitchellek edo Neil Youngek, gutxi batzuk esatearren, 70 urteak ondo beteta dituzte. Zinera salto eginda, Spielberg, Scorsese edo Coppola ere adin tarte horretan daude jada. Lou Reed, Prince, Leonard Cohen edo Tom Petty joan dira dagoeneko, eta orain dela hilabete gutxi batzuk Mark Hollis eta Scott Walker hil ziren, agian aurrekoak bezain ezagunak ez, baina pop eta abangoardia munduan ibilbide bitxi bezain aberatsa izan duten bi musikari.

Zoritxarrez edo zorionez, norberak erabaki dezala, denok igoko gara Karonen ontzira, Estigia lakua zeharkatzera; hemen ez da inor libratuko. Eta bai, aurrez aipatutako guztiak hilezkorrak izango dira, beraien lana hor geratuko delako. Baina zer nahi duzue esatea, musikazale eta zinezale bezala, gogorra ere egiten zait. Jakinda, gainera, Aznar oraindik bizirik dagoela...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide