Maite dut irakurtzea; irakurle porrokatua naiz txikitatik. Nire lagunak baloiarekin jolasean aritzen ziren; ni, ordea, ohean etzan eta Jules Verneren, Agatha Christieren edo Donostiako Artzain Onaren katedral alboan zegoen liburu denda zahar batean erosten nituen El Coyoteren liburuak irakurtzen egoten nintzen. Astean pare bat liburu irakurtzen nituen, batzuetan hiru ere bai, eta pirata edo itsasgizon baten galtzetan sartu nahi ez nuenean, Sherlock Holmesen alboan egon nahi izaten nuen trama misteriotsuren bat konpontzen. Jakina, ikasketei ez nien hainbesteko denborarik eskaintzen, notetan garbi ikusten den bezala.
Ez dut irakurzaletasuna galdu, baina urteekin eta ardurekin gero eta denbora gutxiago dut irakurtzeko. Auskalo zenbat liburu ditudan etxean irakurri gabe. Horietatik askok oraindik plastikozko zorroa kendu gabe izango dute. Eta hala ere gehiago erosten ditut, apalen edukiera infinitua izango balitz bezala. Sofa aldamenean dudan liburu dorrea World Trade Centerra balitz bezala eroriko da egunen batean.
Bada, ordea, arduratzen nauen zerbait eta da irakurritako liburuak denbora gutxira ahazten ditudala. Agian liburuen kalitate kaskarragatik izango da. Ez dakit. Apaleko liburu bat eskutan hartu, azala begiratu, sinopsia irakurri eta etxetik pasa den norbaitek bertan utzi duela pentsa dezaket, liburu horren inguruan ez dudalako ezer gogoratzen. Ahazten lehena liburuaren izenburua bera izaten da. Edurne Portelaren Mejor la ausencia liburua da zutabe hau idatzi aurretik amaitu dudan azkena. Bada, Internetera joan behar izan dut izenburua gogoratzeko, jada lausotzen hasia nuen eta.
Liburuekin gertatzen zaidan hau ez zait diskoekin edota pelikulekin gertatzen. Pelikula edo disko gogokoenak zein ditudan galdetzen badidate, di-da batean erantzungo diet, eta arrisku bakarra izango da hurrengo egunean zerrenda erabat desberdina izatea. Liburuen kasuan, erantzuna ia beti bera izango da: James Ellroyren L.A. Confidential. Badakit irakurri nuela, apalean dudalako erabat eskukatutako liburukin bat, idazlearen beste liburu guztiekin batera. Seinale idazlea gustuko dudala. Baina ez naiz ezertaz akordatzen. Liburu horretan oinarritutako pelikula egin zuten orain 20 bat urte; nire gogokoenetako bat da. Hori bai, esnob hutsa naizenez, liburua pelikula baino hobea dela esango dut, gainera, pontifikatzen.