486

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko ira. 22a, 10:00

Lau. Zortzi. Sei. Lau, zortzi eta sei. 486. Zenbaki horiek buruan bueltaka ditudala esnatu naiz, arnasestuka, izerdi patsetan. Zer dira zenbaki horiek? Zergatik amestu dut zenbaki horiekin. Iratzargailua eskutan hartu eta goizeko 5ak pasa berri dira. Goizegi jaikitzeko. Buelta bat eman dut ohean, bi, lau, zortzi. Azkenean jaiki naiz, dutxa bat hartu eta kafea prestatu dut. Bigarren kafe bat hartzekotan egon naiz, espabilatzeko, baina ez dut urduriegi jarri nahi. Izan ere... gaur Spielberg elkarrizketatuko dut!

Orain pare bat aste gure jefak esan zigun Steven Spielberg Donostiako Zinemaldira zetorrela; elkarrizketatzeko aukera zegoela, eta ea norbait boluntario aurkezten zen. Esaldia amaitu aurretik besoa altxa nuen. Nork eta nik, ezertara boluntario aurkezten ez denak. Spielbergen jarraitzailea naiz 10 urterekin Indiana Jonesen lehen pelikula ikusi nuenetik. Eserlekuan saltoka ibili nintzela dut gogoan. Badaude ahaztu ezin diren gauza batzuk.

Elkarrizketa prestatu aurretik bere pelikula guztiak ikusi ditut: kamioi hiltzailearena, marrazoarena, dinosauroena, juduena, itxura zelebrea duen estralurtarrarena, denak. Denak, bai, Always eta Hook barne. Baina beldurra dut. Beldurra dut prestatu ditudan galderak inozoak direlako; ez dira kazetari baten galderak, fan baten zizakadurak dira.

Bodetako alkandora jantzi, koadernoa, grabagailua, boligrafoak eta den-dena lonazko poltsan sartu, eta autobuserantz abiatu naiz. Goizean goiz jarri didate elkarrizketarako hitzordua, eta errepidez doan autobusa hartu behar izan dut. Ordu horretan ez dago autobideko busik, eta treneko langileak justu egun horretan hasi dituzte greba egunak. Ohikoa dudan bezala, buseko akordeoiaren aurreko zatian eseri naiz, itsasoari begira, nahiz eta oraindik ilun dagoen eta ezer gutxi ikusten det. Denboraz nahiko justu noa elkarrizketara; espero bizikleteroren batek ez duela busaren abiadura motelduko. Nire urduritasuna handitzen doa. Noiz izango dut beste aukera bat Spielbergekin egoteko? Inoiz ez, ziur aski.

Ke usaina sumatzen dut. Arraroa, zer gertatzen ari da? Aldamenekoari begiratu diot, eta hura lo doa. Orio pasa dugu dagoeneko. Busa bidertzean geratu du gidariak. Kea sumatzen da nonahi. No me jodas! Ez zen motorra izorratuko? Orain? Kasakriston? Eta ordu honetan zer egin dezakegu? Akabo elkarrizketa! Aldamenekoak lo jarraitzen du. Ni aulkian mugitzen hasi naiz. La madre que... Jode, jode, jode... Hor, plastikoan itsatsitako beltz koloreko zenbakiak, gidariaren gainean, eskuinaldean... jode... 486, lau, zortzi, sei... bus honen zenbakia 486 da... jode, jode, jode...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide