Neu ere musikazalea naiz, eta gogoko ditut Hornbyren liburu asko, High Fidelity bereziki (baita liburu horretan oinarritutako izen bereko pelikula ere). Interes handiarekin irakurri nuen liburua, eta gogoan dut Bob Dylani buruzko kapituluarekin –The Beatlesekin partekatzen duena– identifikatuta sentitu nintzela. Dylanen jarraitzaile handia ez dela dio idazleak liburuan, baina musikazale askok bezala, haren disko dezente dituela. Tonu umoretsuan, dituen Dylanen diskoak aipatzen ditu: Blonde on Blonde, Highway 61 Revisited, The Basement Tapes eta abar eta abar. Bere disko bilduma arakatzean, konturatu zen haren 20 bat disko dituela. “Dylanen disko gehiago ditut beste edozein artistarenak baino”, dio, eta, hala ere, Dylanen unibertsoan hori ez dela zale porrokatua izatea.
Gustatzen zait Dylan, asko gustatzen zait, baina zale porrokatua ote naiz? Bereziki maite dut folketik rock elektrikora salto egin zueneko garaia, baita The Bandekin izandako kolaborazioak ere, baina Blowin’ in the wind berriro entzun gabe lasai asko bizi naiteke. Haren ibilbide luzeko garai batzuk ez zaizkit piperrik inporta, bereziki azkenaldian egindako Sinatraren gauza horiek. Bira horretan ikusi nuen azken aldiz zuzenean, eta hain kontzertu kaskarra izan zen, berriro ikusteko gogoak joan zitzaizkidan. Baina haren diskoak erosten jarraitzen dut, bereziki berrargitalpenak eta The Bootleg Series bilduma zoragarrikoak.
Testu hau idazteko ideia sortu zitzaidanean, disko bildumari begira jarri nintzen, eta han aurkitu nituen Duluthekoaren diskoak, bata bestearen ondoan. Eta kontatzen jarri nintzen: 1960ko hamarkadako disko denak ditut, baita 1970eko ia denak ere. Aipatutako bootleg horietatik denak ditut, oraingoz hamabost. Azken hamarkadetakoei dagokienez, zortzi disko denak batera erosi nizkion Julian Alberdi zenari. Tonto-tontoan Dylanen 50 bat disko ditut bilduman. Horrek zale porrokatu bihurtzen ote nau? Ez naiz esatera atrebitzen.
Ah! Hornbyk aukeratutako abestia Can you please crawl out your window? da. Askok ez lukete aukeratutako kantu gogokoena bezala, baina a zer pepinazoa den!