Ez da posible, ezin liteke

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko ots. 18a, 19:40

Kostako errepidetik joatean, batzuk Benito Lertxundiren Itsasoari begira abestia ahapetik kantatzen joango dira. Niri Ruperren Ez da posible etortzen zait burura. Eta ezin liteke diot jarraian, kantak jarraitzen duen bezala, hor gertatzen dena nire ulermenetik haratago dagoelako.

Ez dakit noiz jarri zituzten semaforoak Zumaia eta Zarautz arteko errepidean, baina hilabeteak izango dira: bata Kaminero etxetik hurbil, bestea Getaria eta Zarautz artean (ez dakit tokiaren izena; Zumaiako tokien izenak ikastearekin nahikoa badugu!). Sarritan hartzen dut lineako autobusa, beti ere garaiaren arabera. Batzuetan lanagatik joan behar izaten dut Getariara, Zarautzera edo Donostiara; beste askotan haizea hartzera edo bizioak asetzera. Getariako kasuan busa hartu behar izaten dut bai ala bai –ez dakit gidatzen–; beste herrien kasuan trenaren aukera egin nezake: puntualagoa da, erosoagoa, azkarragoa... baina estazioa urruti geratzen da, eta busa hartzen dut jakinda, askotan, gehienetan, desesperatu egingo naizela.

Ez naiz hemen sartuko eguraldi onarekin, eta ez hain onarekin, errepidera ateratzen diren ehunka Julian Alaphilippe eta Chris Froome-ez –Lance Armstrongik ibiliko ote da hortik?–. Ez, lasai, oraingoz nahikoa eta gehiegi dut eta bi semaforo horiekin: bi joaten eta beste bi bueltan. Izan ere, semaforoak martxan dauden denbora honetan lauzpabost aldiz bakarrik izan dut semafororen bat berdean (biak berdean inoiz ez); beste denak gorrian tokatu zaizkit. Berdin dio busa minutu erdiko aurrerapenarekin edo bi minutuko atzerapenarekin atera den; berdin dio Kabi aurreko edo Getariako geralekuetan inor ez dagoen, bost lagun dauden, edo ehun pentsionista japoniarrez osatutako taldeak espaloia okupatu duen; berdin dio pelotoi oso bat doan errepidean, tertulian; edo ni bezalako mozolo batek Eroskiko txartelarekin ordaindu nahi izan duen bidaia. Denak berdin dio, semaforora heltzean gorrian egongo delako.

Eta hor zalantzak pizten zaizkit: matematikoki, zientifikoki, kuantikoki, posible al da bi semaforo horiek beti gorrian egotea busa leku horietara heltzen denean? Ez naiz zientzietan aditua, azkeneko aldiz matematikak aprobatu nituenean CO2a oraindik kopuru maneiagarri batean zegoen, eta ez, ez naiz arbelean ekuazioak egiten hasiko... ez dakidalako nola egiten diren –zer demontretarako balio zuen erro karratuak?–. Beraz, matematiketan adituak zaretenoi kalkuluak egitera gonbidatzen zaituztet! Saria ere egongo da: misterio hau argitzen duena Cruzcampo bat hartzera gonbidatuko dut!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide